Etxebizitza duina izatearen garrantzia

t eta a: Alaiz Zuazo, gizarte-langilea 2023ko api. 28a, 11:38

Etxebizitza duina esaten dugunean, herritarrak segurtasunez, bakean eta duintasunez bizi diren etxebizitzaz ari gara. Gainera, oinarrizko giza eskubideetako bat da. Etxebizitza duinik ez izateak hainbat arazo ekarri ditzake.

Gizarte Inklusioari lotutako esku-hartzearen prozedura da egoera zaurgarrian dauden pertsonen gizarte-beharrizanei erantzuna ematea. Hala ezarri da hurrengo bi arau hauetan: Euskadiko 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko 59/2009 Foru Dekretua. Hori kontuan hartuta, PAI Bitartean zerbitzuak bizikidetzarako estruktura eskaintzen die gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei.

Zerbitzuak aurrera egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren zein zerbitzuko beraren lantaldearen laguntzari esker. Alde biak koordinatuta, pertsonen independentziaren alde egiten da lan, eta laguntza ere ematen zaie. Horrela, ahal den neurrian, gure lantaldeak etxebizitza topatzen laguntzen die gizartetik kanpo dauden edo egon daitezkeen pertsonei. Mungialdean eta Txorierrin jarduten dugunez, etxebizitzak eskualde horietan bietan topatzen ahalegintzen gara.

Baliabiderik ezak zaildu egiten du eginbeharra. Nolanahi ere, urte askoan alderdi nagusi bik zailago egin dute etxebizitza eskuratu ahal izatea: alde batetik, estigma sozialak, eta bestetik, alokairu sozialeko etxebizitza nahikorik ez egoteak. Era berean, dirulaguntza batzuk ez dira bateragarriak izan, eta, hortaz, etxebizitza partekatzea zaila izan da. Orain, lege-aldaketa dela eta, etxebizitza bereko kideek jasotzen dituzten dirulaguntzak bateragarriagoak izango dira.

Funtsean, etxebizitza duina izatea ezinbestekoa da pertsonen bizitzan. Izan ere, etxe segurua eta egonkorra badute, arreta euren bizitzaren beste alderdi garrantzitsu batzuetan ipini dezakete.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).