Zer dela-eta onartu duzu alkategai izatea?
Azken lau urteotan zinegotzi izan naiz, eta EH Bilduko mahai politikoak eskatu zidan alkategai izateko. Dudan esperientziaz eta dagoen egoeraz bultzatuta baietza eman nuen. Nire ustez, derioztarrek bizitza erosoagoa behar dute, eta eguneroko arazoak konpondu. Eta nik horretan sinisten dut. Horrez gain, uste dut Derion gauzak aldatzeko sasoia heldu dela, eta, horretarako, norberak pausoak egin behar ditu.
Datozen lau urteei begira, zeintzuk dira zuen ildo-nagusiak?
Derio azken urteotan asko hazi da, 2.500 pertsona baino gehiago etorri dira gure herrira bizitzera. Baina ez dira hazi inondik ere herritarrentzako zerbitzuak. Eta uste dugu gelditzeko momentua heldu dela, lau urteotan etxebizitza gehiago ez egiteko eta derioztarrentzako zerbitzuak areagotzeko. Gainera, kontrol bako hazkunde horrek kalteak eragin ditu, batez ere Mantulizen eta Errementeriñen, eta horiek konpondu ezean, ez dago aurrera egiterik.
“Derio azken urteotan asko hazi da, baina ez dira hazi inondik ere herritarrentzako zerbitzuak”
Eta erronka nagusiak?
Udala derioztar guztien etxea izan behar da, gobernuan dagoen alderdiari botoa eman diotenena eta eman ez diotenena. Derioko biztanleekin entzuketa aktibo etengabea egin behar da, eta parte hartzeko benetako mekanismoak martxan jarri. Horrezaz aparte, Deriok pauso eraginkorragoak egin behar ditu jasangarritasunean: Aiartzako basoa babestu, errekak bernaturalizatu, kutsadura gutxitzeko neurriak hartu…
Zer azpimarratuko zenuke zure lantaldeari buruz?
Lan aparta egin dute zerrenda nirekin batera diseinatu dutenek. Zerrenda plurala osatu dugu: hainbat elkartetan dabilen jendea dago, gazteak eta ez hain gazteak, feministak, euskaltzaleak, bertan jaiotakoak eta atzerritik datozenak… Deriok dituen mila kolore irudikatu nahi izan dugu zerrendarekin.
Nola baloratzen duzu azken agintaldia?
Azken agintaldian, EAJk bere gehiengoa nahieran erabili du. Euren interesen arabera gobernatu dute. Guk mila alternatiba aurkeztu ditugu, baina oso gutxi hartu izan dituzte kontuan. Uste dut galdu dela herritar guztientzako udala egiteko aukera aparta.
Karguaz jabetuz gero, zein izango da zuen lehentasuna?
Ehun neurriko programa osatu dugu, gobernantza, jasangarritasuna, zaintza eta bizitza komunitarioa hobetzeko. Baina horietatik lehena izango da alkate, zinegotzi eta talde politikoek jasotzen duten dirua nabarmen murriztea. Iruditzen zaigu gaur egun jasotzen dutena eskandaluzkoa dela.