Politeknika Txorierri `Gira Jóvenes´ programaren finalista izan da, estresa tratatzeko aplikazio bati esker

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 28a, 13:43

Coca-Colak sustatutako egitasmoa da “Gira Jóvenes” programa. Bere helburua da 16 urtetik 26 urtera bitarteko gazteen trebakuntza eta enplegagarritasuna hobetzea. Politeknika Txorierrik estresa tratatzeko aplikazioa aurkeztu du egitasmora eta hari esker lortu du finalista izatea. Are gehiago azaldu dutenez, Euskadiko ikastegi bakarra da finalisten artean egon dena.

Vyours proiektua Politeknika Txorierriko Lanbide Heziketako ziklo hauetako ikasleek egin dute: Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola eta Salmenten eta merkataritza-espazioen kudeaketa. Ikasleek aplikazio bat garatu dute, eta horren bidez mahaigaineratu dute, besteak beste, gizarte-sareetan egiten den gorputzen idealizaziotik eta egungo edertasun-estandarretatik eratorritako nahaste psikologikoak tratatzeko beharra. “Bizimodu berrietatik, autoestimu faltatik eta osasunari eragiten dion kudeaketa propio eta emozional faltatik ere eratortzen da perfekzioagatiko presio hori”, esan dute ikasleek.    

Aplikazioa sortzeko, inkesta bat egin zuten, eta bertan galdetu zuten pertsonen egoera emozionala nola hobetu zitekeen. Erantzunak aztertu, eta, Bego Aparicio ikasleak azaldu duen moduan, hurrengo hau ondorioztatu zuten: pandemiaren ostean guztiok izan ditugu aldaketa asko eta bizitza berri batera egokitu behar izan dugu; aldaketak ehunka lagunen garapen emozionalean ere izan dira”.

Vyours aplikazioak komunitate segurua eta hezitzailea sortzea du helburu, emozioen kudeaketa ona garatzeko. Horretarako, hitzaldi informatiboak eta didaktikoak eskaintzen ditu adituen eskutik, bideo- zein podcast-formatuan. Era berean, estresa gutxitzeko joko interaktiboak ipintzen ditu erabiltzaileen eskura, eta nahasmendu hari eta beste batzuei aurre egiteko informazio erabilgarria. Aplikazioa helduentzat zein gazteentzat da, estresa bizitzaren etapa guztietan agertzen da eta. Hala ere, oso tresna garrantzitsuak eskaintzen ditu ikasleek erabili ditzaten: adibidez, azterketa-garaian estresari nola aurre egin ikasi, gainditu gabeko azterketa nola kudeatu eta komunikazio-trebetasunak nola hobetu.   

Amaia Lizaso da Politeknika Txorierriko irakaslea, eta bere esanetan, oso esperientzia atsegina izaten ari da. “Ikasleek proiektua urratsez urrats nola egituratu duten egiaztatu dut, fase bakoitzean ikasiz eta beti elkarlanean lan eginez. Ikasleak oso motibatuta egon dira prozesu osoan eta uste dut oso esperientzia positiboa dela bai maila akademikoan, bai maila pertsonalean”. Politeknika Txorierrik espero du egitasmoan eskaintzen diren tresnak egunerokotasunean ezartzea eta egitasmoa baliagarria izatea gazteak buruko osasuna zaintzearen eta sustatzearen garrantziaz jabetzeko. “Gira Jóvenes” programara 55 egitasmo aurkeztu dira, eta zortzi finalista aukeratu. Irabazleak atzo jakinarazi ziren Madrilen: En busca de los ODS (Madrilgo IES Ciudad Escolar) eta Regala Memoria (Bazako IES Pedro Jiménez).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).