“Ilusio handia dut: maila handiko kirolariekin entrenatzeko aukera itzela da, eta teknika hobetu”, esan digu Vallok. “Emakumezkoen talde indartsua egin nahi du Espainiako selekzioak, eta, antza denez, gustatu zaie nire lan egiteko modua. Bertan, hiru egunean izan nintzen entrenatzen, eta, egia esan, hasieran kezkatuta ibili nintzen, ez nekielako gainerako kirolarien mailan jarduteko gauza izango nintzen; hala ere, ikusi nuen ez zela nik espero bezain gogorra. Izan ere, taekwondo-saioetara batez ere teknika ikastera joaten da, eta kirolari bakoitzaren gaitasun fisikoak entrenatzaile pertsonal batek lagunduta lantzen dira gero”.
“Ilusio handia dut: maila handiko kirolariekin entrenatzeko aukera itzela da, eta teknika hobetu”
Derioztarra beti entrenatu da herrian, Doyan gimnasioan, eta Madrilgo zentroaren errutinetara moldatu behar izateak ere apur bat kezkatzen du. “Oso despistatua naiz, baina nire buruarekin oso exijentea ere bai, eta urduri ipintzen naiz… Nire entrenatzaileak, Iñigo Galanek, lortzen du ni orekatzea, eta ez dakit Madrilen hasieran zelan ibiliko naizen… Egokitu beharko dut hara”. Taekwondon trebatu ez ezik ikasi ere egin beharko du; Batxilergoko bigarren maila hain zuzen. “Zentroak hitzarmena sinatuta du bertako institutu publiko batekin. Horren arabera goizeko 8etatik 11etara institutura joan beharko dut; gero 12:00etatik 14:30era, entrenatu; bazkaldu; institutura 15:15etik 18:00etara itzuli; berriro entrenatu; eta lo egitera. Hortaz, ez dut denbora libre askorik izango. Gainera, gaztelaniaz ikasi beharko dut…”.
Oso neska altua da Vallo, eta oso hanka luzeak ditu. Oso indartsua ere bada, kirola txiki-txikitatik egin duelako. “Gimnasia erritmikoa egin dut, igeriketa, hipika, txirrindularitza, saskibaloia… Baina konturatu nintzen kirol horien artean batez ere bat inportatzen zitzaidala: taekwondoa. Hortaz, pixkanaka-pixkanaka joan nintzen gainerakoak praktikatzeari utziz. Nolanahi ere, guztiak lagungarriak izan dira gaur egun ditudan gaitasun fisikoak lantzeko”. Astean sei egunetan entrenatzen da, guztira zazpi ordu, eta entrenamenduei esker lortu du gaur egungo maila eta teknika izatea. “Hasiera korapilatsua izan zen: gehiegi pentsatzen dut, eta horrek alde txarra dakar, zeren eta nire ekintzei arerioak nola erantzungo dien aztertzen denbora luzeegia ematen baitut, eta azkenean ez dut ezer egiten… Bueno, azken batean gakoa da lehiatuz joatea, eta bai norbera, bai gainerako taekwondolariak tapizean ikustea; ostikoak jotzen hasi naiz pixkanaka-pixkanaka, eta nire erabakiek emaitza ona izan dezaketela ikusi. Aurten «eklosionatu» naiz entrenatzaileen, kideen eta nire lanari esker”. Gerriko beltza du.
“Gustatzen zaidan kirolagatiko sakrifizio handia da, baina orain da sakrifizio hori egiteko momentua”
Euskadiko txapelketa asko irabazi du, baina bereziki Espainiako txapelketan ibili zen lehen aldia ekarri du gogora. “Alde guztietatik jo ninduten!”. Openetan ere hartu du parte, eta zenbait medaila irabazi ditu; adibidez, Pontevedrako eta Mirandako openak irabazi ditu. Era berean, iaz brontzezko medaila eskuratu zuen Espainiako txapelketan (kluben artekoa), eta aurten brontzezkoa ere Espainiako Nazioarteko Openean. “Maila handi-handiko arerio baten kontra aritu behar izan nuen, eta, egia esan, oso borrokaldi ona egin nuen. Irabaztear izan nintzen, baina akatsa egin nuen eta irabazi zidan. Jende asko hurbildu zen ni zoriontzera, baina ni nahiko haserre nengoen… Ez zen bidezkoa izan akats ergel harengatik galdu izana!”. Arantza hori modu batean edo bestean kendu du, Espainiako txapelketan zilarrezko medaila lortu berri duelako junior kategorian. “Urrezko zaporea du, atzean dagoen lan guztia kontuan hartzen badugu”, adierazi du bere entrenatzaileak.
Junior zein 21 urtetik eta senior kategorietan lehiatu da, baina aurtengoa bere azken urtea da junior kategorian. “Horretan, 68 kiloko kategorian lehiatzen naiz, baina datorren urteari begira Madrilekoekin aztertu beharko dugu zenbat kilotako kategorian ibili”. Argi du, berriz, «bizitza sozial gutxi» izango duela. “Gustatzen zaidan kirolagatiko sakrifizio handia da, baina orain da sakrifizio hori egiteko momentua. Nire betiko lagunekin egon beharrean, beste modu batean gozatuko dut: lagun berriak egin eta haiekin Europara eta beste kontinente batzuetara joan, nazioarteko lehiaketetan parte hartzera… Eskerrak nire gurasoak ez direla oso zorrotzak eta «mundua» apur bat ezagutu ahal izan dudala! Nolanahi ere, Deriora ahal dudan guztietan etortzeko asmoa dut, eta espero dut lagunen bat ere Madrilera ni bisitatzera etorri ahal izatea”. Madrilen emango dioten aukera ahalik eta gehien aprobetxatuko duela ere du argi; bere ilusioa eta gogoa ikusita, ziur egon aprobetxatuko duela.
Liluratuta
Taekwondoa lagun baten eskutik ezagutu zuen Vallok. “Lehen Hezkuntzako 4. mailan-edo geunden eta hirugarren pumse-a irakatsi zidan; liluratu ninduen”. Doyan gimnasioan izena eman, eta han egin du bere kirol-ibilbidea. “Ondo sentiarazten nau taekwondoak, eta iluntzean entrenatzen dudanez, eguna amaitzeko modua da; erlaxatzen naiz. Banakako kirola izan arren, taldea behar duzu entrenatzeko eta familia bihurtu gara. Nik ez dut nire bizitza taekwondo barik imajinatzen; nire bizitzaren funtsezko parte da”.
Inoiz Espainiako txapelduna izatea espero du. “Munduko txapelketak irabazi dituzten kirolariekin ibiliko naiz Madrilen, Olinpiadetan egon direnekin… Batzuetan ez dakit hara zertara joango naizen… Baina halako zentro batean jarraitu ahal izateko gutxienekoa lortzea espero dut, eta aurrera egin. Bestetik, olinpiadak edozein kirolariren ametsa dira, baina oraindik urte batzuk pasatu behar dira horretarako. Badakit gauzak ondo baino hobeto egiteko gaitasuna dudala, eta espero dut lehiaketetan nire maila erakustea”.
Nahiz eta ahalik eta urte gehienetan lehiatzen ahalegindu, argi du kirol-ibilbidea inoiz amaituko dela eta etorkizunean pentsatu behar duela. “Ez naiz gizonezko futbolari ospetsua, eta ezin izango naiz taekwondotik bizi; hortaz, pentsatu dut INEFi lotutako karrera egitea… edo biokimika, zientzia asko gustatzen zaidalako. Laborategi batean lan egitea gustatuko litzaidake… edo suhiltzailea izan”.