Argazki-erakusketa Hazi eta Garatu proiektuaren baitan garatu da; proiektu hori Emaúsek
sustatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. “Xedea da, ingurumenaren arloan, Derioren
alde positiboak zein negatiboak bere baitan hartzen dituen partaidetzazko diagnostiko bat
egitea, baina ez ikuspegi zientifiko batetik, baizik eta ikuspegi pertsonaletik eta mota honetako
azterketetan parte hartzeko aukera gutxi duten pertsonen begiradatik”.
Erakusketa 20 argazkik osatzen dute eta egileak dira aurreko lerroetan aipatutako elkarteen
erabiltzaileak. “Topaketa- eta irteera-prozesu baten emaitza da erakusketa, eta egileen
begirada kritikoaren eta sentikorraren bidez gonbidatzen gaitu Derio jasangarri, inklusibo eta
eraldatzaile baten partaidetzazko eraikuntza hausnartzera”. Egileek DAT Foto elkartearen
kideen laguntza izan dute argazkiak egiteko orduan. Argazki bakoitzarekin batera egileek eurek
eskuz idatzitako hausnarketa ipini da; Butroi Bizirik en Transición elkarteak lagundu die
hausnarketa egiten.
Ingurumenari lotutako eztabaidetan askotan baztertu direnei ahots-guneak eskaintzaren
garrantzia hausnartzeko aukera izateaz gainera, erakusketak komunitateko ikuspegien
aniztasunaren eta aberastasunaren balioa azpimarratu nahi du. “Elkarlaneko prozesuak
egituratzeko ardatza da kultura komunitarioa, eta horren garrantzia hain zuzen nabarmendu
nahi dugu. Prozesu horiek ahalbidetzen dute herritar kritikoak eta parte-hartzaileak egotea,
gizarte-oinarrian sortutako esku-hartze berrietatik abiatuta”.