Hezkuntza-subiranotasuna eraikitzen

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 1a, 13:06

Semente eskolek Aprender na língua própia dokumentala egin dute, eta hori Euskal Herriko zenbait herritan aurkeztu dute urtarrilean; Derion, haien artean. Lana Marikobaso Espazioan, hain zuzen, aurkeztu zen, eta haren ostean As regueifeiras da Semente taldea-ren musikaz gozatzeko aukera izan zuten hara hurbildu zirenek.   

Santiago Quiroga da Escolas de Ensino Galego Sementeren koordinatzailea. Azaldu digunez, dokumentalaren helburua da azpimarratzea herri-ekimenaren bidez hezkuntzan galegoa sartzeko lehen esperientzia historikoaren balioa. “Lehenengo ikastetxea 1923an ipini zen martxan Coruñan, hiru berezitasun hauek zituela: galegoan oinarritutako eredu eleaniztuna, nazio-errealitatean oinarritutako curriculuma eta laikotasuna”. Eredu horretan oin hartuta, lehenengo Semente eskola 2011n sortu zen eta harrezkero hainbat hiritara zabaldu da. “Urte horretan eleaniztasunari buruzko dekretua onartu zen, baina horrek, egia esan, ekarri zuen galegoa Haur Hezkuntzako eskoletan minoritarioa izatea; % 10 baino gutxiago, Normalizazio Linguistikorako Mahaiaren arabera. Bestalde, galegoaren erabilerari dagokionez, Lehen Hezkuntzako ikastetxe eleaniztuetan % 50etik % 33ra pasatu zen, eta, gainera, kontuan hartu beharra dago, ikastetxe   bakoitzaren proiektua zein zen, portzentajea % 50 baino handiagoa izan zitekeela. Atzerakadak herri-ekimena bultzatu zuen Semente eskola sortzera”. 

“Eredu eleaniztuna eta inklusiboa da, eta ikasleen erritmoa eta beharrizanak errespetatzen ditu”

Gaur egun eskola dute Trasancosen, Konpostelan, Vigon, Coruñan, Lugon eta Ourensen, eta horietan guztira 150 umek ikasten dute. “Eskola guztietan Haur Hezkuntza eskaintzen dugu, eta Lehen Hezkuntza, Trasancosen eta Konpostelan. Gurea eredu eleaniztuna eta inklusiboa da, eta helburu dugu galegoa ama-hizkuntza duten ikasleek hura mantendu dezatela eta ama-hizkuntza ez dutenek ikasi eta erabili dezatela”. Pedagogia-arloan, ikasleak euren ikasketen protagonistak dira. “Hau da, euren erritmoa, beharrizanak eta interesak errespetatzen ditugu. Escolas de Ensino moduan, gurea proiektu laikoa da, eta curriculumari dagokionez, autozentratua; egitasmo feminista eta eraldatzailea ere bada”.

Ikastetxe guztietako kudeaketak asanblada- eta herri-izaera du, eta gurasoek, ikasleek eta irakasleek parte hartzen dute hainbat batzordetan, hala nola antolaketa- eta ekonomia-komisioetan eta eskolaz kanpoko ekintzetan. “Gehienbat autogestioaren bidez funtzionatzen dugu; hala ere, laguntza publiko batzuk ere jasotzen ditugu, batez ere dinamizazio kulturalaren eta linguistikoaren arlokoak. Esaterako, Apalpador –Olentzero, Euskal Herrian– pertsonaia berreskuratzea oso lotuta dago gizarte-zentro autogestionatuei eta Semente eskolei. Era berean, eskolaz kanpoko ekintzak galegoz eskaintzen dizkiegu ume eta gazte guztiei, gure eskoletan dabiltzan edo ez alde batera utzita, eta kultura-produktuak ekoizten ditugu, material didaktikoa eta ludikoa, musika…”. Irakasle guztiek egin dituzte irakasle-ikasketak, baina haiek kontratatzeko orduan zenbait irizpide hartzen dituzte kontuan. “Adibidez, gizarte-mugimenduekin harremana izatea eta galegoa jakiteaz gainera erabili dezatela; kontzientziatuta egon daitezela. Ikasturte hasieran trebakuntza jasotzen dute Semente egitasmoaren gainean”.

“Hasieratik argi izan dugu Semente eraldaketa sozialerako eta politikorako egitasmoa dela”

Quirogaren esanetan, jasangarritasun ekonomikoa da hezkuntza-eredu honek aurre egin behar dion erronkarik handiena. “Hasieratik argi izan dugu Semente eraldaketa sozialerako eta politikorako egitasmoa dela. Horregatik, ez dugu nahi, baliabide ekonomikorik eza dela eta, inor egitasmotik kanpo gelditzea, eta nahiko kuota baxuak ezarri ditugu hori ekiditeko. Bekak ere ematen ditugu, eta kasu batzuetan kuotaren zati bat eskolarako lanak eginez ordaintzen da. Egiteko modu horri eutsi ahal izateko, material asko saldu behar dugu, kontzertuak antolatu, bazkari solidarioak…”. 

Erronkak

Galegoa ikasteko eta erabiltzeko murgiltze-egitasmoa da Semente, eta hortaz, esparru linguistikoan ikasleei ekartzen dizkien onurak ez dira hutsalak. “Izan ere, azken ikerketen arabera, galegoz egiten duten eta ikastetxe publikoetara sartzen diren gehienek hizkuntza galtzen dute hilabete gutxian, eta Haur Hezkuntzan sartzen diren hirutik bakarrik batek jarraitzen du Bigarren Hezkuntzan galegoz egiten”. Era berean, eredu pedagogikoa ikasleen autonomiaren garapenari lotuta dagoenez, beste onura batzuk ere ekartzen ditu. “Ikaste-prozesuek ahalbidetzen dute heziketa-garapenean zehar gaitasun nabarmenagoak hartzea. Ikuspegi etiko batetik, gure ikasleek harreman handia dute auzo-elkarteekin eta kultura-taldeekin, eta ondorioz, kontzientzia zibiko handia duten pertsonak dira. Are gehiago, sen kritiko handia duten pertsonak dira, eta hori, gure ustez, ezinbestekoa da, etorkizuneko gizartea hobetzeko herritarrak egotea nahi badugu”. 

“Ikasleek sen kritiko handia dute; hori ezinbestekoa da etorkizuneko gizartea hobetzeko herritarrak egoteko”

Etorkizunari begira dago Semente eta hainbat erronka ditu datozen urteetarako. “Hezkuntza- subiranotasuna eraikitzeko jaio gara, eta Galiziako Eskola Nazionala sortzeko helburu historikoa betetzeko. Apaltasunez, uste dugu gure esperientzia lagungarria izan daitekeela ikastetxe publikoek hezkuntza-egitasmo eta proiektu linguistiko anbiziotsuagoak garatu ditzaten”. Beste erronka bat da ikastetxe gehiago zabaltzea, eta ondorioz, ikasle gehiago izatea. “Gizarte-oinarri handiagoa ere izan nahi dugu. Horrela, egonkortasun ekonomiko handiagoari esker, egitasmoa inklusiboagoa lortuko dugu eta egoera sozioekonomikoa ez da traba izango, ahalik eta ikasle-kopuru handienak Semente eskoletara jo ahal izateko”.

Lehen urratsa

Galiziako Estatistika Institutuaren datuen arabera, bost urtetik 14 urtera bitarteko ikasleen % 30 inguruk zailtasunak ditu galegoz adierazteko. “Lau ikasletik batek adierazi du ez dakiela galegoz ondo hitz egiten, ezta idazten ere. Bestalde, gazteen % 20 inguruk erabiltzen du galegoa, baina, aitzitik, 70 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok; horrek argi adierazten du gazteengan elebakartasuna, gaztelania, nagusitzen ari dela”. Quirogaren ustez, ordezkapen linguistikoaren prozesua asko azkartu da azken 40 urteotan. “Ziur asko, Espainiako komunikabideen eraginagatik izan da, eta ez delako politika linguistika eraginkorrik egon. Gainera, Galizian historikoki ez da burgesia nazionalik egon eta horrek ekarri du gure hizkuntza klase herritarrekin lotzea; ondorioz, estatus edo botere sinboliko txikia du”.

Semente egitasmoa lehen urratsa da egoera aldatzeko. “Gure iritziz, Galiziako dinamika linguistikoa aldatzeko, lehenengo eta behin beharrezkoa izango litzateke nazionalismo galiziarrak botere instituzional handiagoa izatea, politika linguistiko lagungarriak egin ahal izateko. Nolanahi ere, pentsatzen dugu autonomia-botere instituzionala oso mugatuta dagoela, eta, hortaz, gure herriaren eraikitze eta askatze nazionalaren eta sozialaren prozesuak aurrera egin dezan, herri-antolaketaren ahalmenik ez badago, ez da posible izango. Horregatik, uste dugu Semente hizkuntza-ekimena bitartekotza linguistikoa dagoen esparru guztietara zabaldu beharko lukeela. Hau da, gure burua esparru guztietan antolatu behar dugu, gure hizkuntza arlo guztietan normaltasunez erabiltzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).