2023-2027ko Agintaldi Plana aurkeztu du Deriok

a: Derioko Udala 2024ko ots. 22a, 10:39
a: Derioko Udala

Zeu zara Derio” agintaldi-planak hiru ildo estrategiko ditu: Herri Bizia, Gozatzeko Herria eta Aurrera doan Herria. Horien helburua da bultzatzea tokiko ekonomia, kultura eta kirola, euskara, gizarte-kohesioa, mugikortasuna eta irisgarritasuna eta gobernu ona. Dokumentuan, bestalde, agintaldiko lau urteetan garatu beharreko lehentasunezko 60 jarduera batu dituzte. Plana www.derio.eus webgunean ipini da herritarren eskura.

Derioko Udalak prentsa-ohar baten bidez zabaldu duenez, dokumentua osatzen duten 60 ekintzen helburua da “herritar guztien neurrirako udalerria eraikitzen jarraitzea, eta udalaren eta derioztarren arteko konfiantzazko eta gertutasunezko harremana sustatzea”. Azaldu dutenaren arabera, planak abiapuntutzat izan du herriak azken urteetan izan duen bilakaeraren azterketa sakona, baita hango taldeekin egindako bilerak eta topaketak ere. Esther Apraiz alkatearen esanetan, “planak indartu egiten du herritarrekiko eta komunitatearekiko zerbitzu- eta gertutasun-bokazioa. Udal irekia gara, entzuten eta parte-hartzea sustatzen duena. Konpromisoa dugu enpresen suspertze ekonomikoarekin, prestakuntzarekin eta berrikuntzarekin. Legealdirako plan orokor bat egiten ahalegindu gara, Deriorako etorkizun partekatua eta sendoa proiektatzen duena”.

Dokumentuaren hiru ildo nagusiak uztartzen dira “pertsona bakoitza udal-politiken parte aktiboa eta onuraduna sentitzen den herriaren aldeko apustua egiteko. Herri euskalduna, zeinetan herritarrek gizarte-, kultura- eta kirol-ekintzetan parte hartzen baitute. Herri osasuntsua eta nagusiekin atsegina. Umeen eta nerabeen eskubideekin konpromisoa duen Derio, herri hobearen eraikuntzan parte hartu dezatela sustatzen duena”.

Beste aldetik, agintaldi-planean 10 proiektu estrategiko ezarri dira: hiri-antolamenduko plan orokor berria garatzea eta onartzea; patio inklusibo estalia eraikitzea eta eskolako komunak eraberritzea; errendimendu handiko indar-makinen eremu berria sortzeaz gainera, ginmasioko makinak berritzea eta kiroldegiko sarbideak eraberritzea; anbulatorioko sarbidean markesina bat jartzea, herritarrak euritik babesteko; umeentzako aisialdi-guneak berritzea: piraten itsasontzia, Gaztelumendi plaza, Errekatxueta eta Herriko plaza; Aldekonen aisialdi-gune estalia eraikitzea; Erdiko eta Gernikako Arbola kaleak eta Euskotreneko geltokira sartzeko gunea berrurbanizatzea, irisgarritasuna, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko; San Migel plaza berritzea; Ibaiondo futbol-zelaiko instalazioak handitzea eta 11ko futbol zelai-berria eraikitzea; eta garapen jasangarrirako helburuak garatzea, Agenda 2030eko estrategian aurrera egiteko.

Planak zorroztasunez, eraginkortasunez eta erantzukizunez erantzuten die herritarren beharrizanei”, aipatu du Apraizek. “Derio bizitzeko eta bizi-proiektua garatzeko lekurik onenetakoa da eta, horretarako, hobetzen jarraitu behar dugu. Korporazio gardena gara, Gobernu Onarekin inplikatua, kudeaketa-eredu inklusiboago baterantz aurrera egiteko”. Horri lotuta, “hiri-eraldaketaren aldeko apustua egiten da, Derio herritarren eskaerei eta bizitzeko modu berriei erantzungo dien udalerria izan dadin”.

Azkenik, udalak plan estrategiko bat osatu du garapen jasangarrirako helburuak garatzea bermatzeko. Apraizek azpimarratu moduan, “udalak derioztarrekin batera lan egingo du etorkizun hobea lortzeko. Ekintza indibidual eta komunitario bakoitzak balio du ingurune bidezkoagoa eraikitzeko. Horregatik, helburuei heltzen dieten ekimenak partekatu, sustatu eta gidatuko ditugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).