Une hartan hizkuntzaz ari ziren; agerian dagoenaz eta hitzek zauritutako identitate bakoitzaz. Hizkuntzaren bitartez zeinen puntutaraino baldintzatu eta zauritu gaituzten, eta horren ondorioz, gure gorputza zeinen erreaktibo bilakatu dugun. Idatzitako nahiz esandako hitzak tiro egindako balak dira eta gizentasuna, kolorea edota izate hutsa larri zauritu dute historian zehar; ohiturak, sinesmenak, gaixotasunak, identitateak, itxurak zein jatorriak epaitu eta mugatu dituzte. Hizkuntzak normatik ateratako oro gillotinatu du. Bizitzak hala erditu gintuen; gerora, gizarteak mugatu, eta azkenik, hizkuntzak bazterretara kondenatu. Inposatutako arauaren desafioak bizitza ahalik eta gehien estutzera eraman gintuen, uneari zukua ateratzera, baina baita prezio altu bat ordaintzera ere: arauaren bazterretan bizitzera. Eta orain, bederen, historikoki iraingarriak izan diren terminoen bereganatzean gabiltza; egun arte sortutako lengoaiaren imajinarioa deuseztatzen, hizkuntza gurea ere egiten eta periferiak eta bazterrak erdigunera eramaten. Zapaltzaileei euren aurreiritziak seinalatzen gabiltza, lotsa bandoz aldatzen, eta nahi dugu haiek, erasotzaileak eta hizkuntzaren inkisidoreak, izatea azalpenak ematen galdu behar direnak. Mundu nahasi honetan garaiak aldatuz doazela diote, eta hizkuntzak haiekin bat egiten duela, baina azala tentetzen duenarena baino ez da oraindik; eta guk gogortua dugu oso, hainbat borrokatan ondua. Gure egia-iturri da. Historiaz osatutako mihisea gara; luebakiz, lautadaz, mendiz, itsaso zabalez josia… Eta, sarritan, tintaz ere bai. Ohatilaren ertzean jarraitzen zuten eta aurreko baieztapenari eutsiz irribarre batekin erantzun zien: “Animalia kolpatua bai, baina azkarra eta askea. Eria bai, baina pantera ere bai. Pantera beltza.” Eta ikasi bezala tintazko kartutxoa beltzez bete, orratza sakonera sartu eta bere bizitzaren mihisean barrena murgildu zen panteraren aztarna bere ezkerreko hankan betiko betierekotuz.