Aurtengo sanisidroek derioztarren parte-hartze aktiboa dute helburu

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 6a, 13:15

San Isidro jaiak aldaketaz beteta etorriko dira; oso aldaketa potoloz, egia esan. Izan ere, Derioko Udalak eta jai-batzordeak deia zabaldu die herritarrei, guztien artean partaidetza handiagoko jaiak antolatzeko eta derioztar guztiengana heltzeko, euren adina eta gustuak zeintzuk diren ere. Derioztarrek gogoz erantzun dute eta lankidetzaren emaitza bikaina izan da: jaiek bi asteburu iraungo dute; 35 ekitaldi inguru egingo dira, haietako erdia inguru elkarteek antolatuta. Ia 30 elkartek hartu dute parte jaien antolakuntzan.

Saioa Torre Bilbao da Derioko Udalaren hiritartasun-teknikaria. Azaldu duenez, San Isidro jai-batzordearekin elkarlanean, parte hartzeko foro batera deitu zieten herritarrei, udalaren eta jai-batzordearen irakurketatik haratago, jakiteko derioztarrek jaiei buruz zer pentsatzen zuten. “Jakin nahi genuen ea berrikuntzen baten beharrizanik ikusten zuten, jaiak bereago egiteko. Azken batean, herriko jaiak dira eta nahi genuen herritar gehiagorengana iritsi eta haien parte-hartzea aldarrikatu. Baina ez parte-hartze pasiboa, aktiboa baizik, jaien diseinuan zein garapenean. Foroek oso erantzun ona izan zuten eta hainbat ekarpen jaso genituen: haietako batzuk izan dira guk aurreikusitakoak, baina beste batzuk berritzaileak izan dira, eta nahiko konstruktiboak”.

Aniztasuna izango da aurtengo jaietako ikur nagusietako bat. “Musika arloan, esaterako, adin eta gustu ezberdinetako jendearengana ailegatzeko proposamenak egin dira”. Beste ikur nagusi bat izango da elkarteen parte-hartzea. “Historikoki, elkarteek jaietan parte hartzeko ohitura izan dute. Hala ere, azken urteak nahiko gogorrak izan dira zentzu askotan eta elkarteen borondatezko dinamikak eta partaidetzak behera egin du hainbat arrazoirengatik. Beharrezkotzat jo dugu herriko elkarteen parte-hartzea areagotzea eta indartzea, eta horregatik egin da deialdia. Esan beharra dago jai-batzordeak egundoko lana egin duela eta elkarteen ordezkariekin banan-banan eta aurrez aurre batu dela”. Emaitza oparoa izan du ahaleginak, eta hainbeste proposamen egin diren, ezen ezin izan baitira asteburu bakar batean sartu. Hortaz, jaiek bi asteburu iraungo dute. “Lehen asteburuan elkarteen ekintzak egingo dira, elkarteei ikusgarritasun handiagoa emateko eta gauza gehiago egin ahal izateko”.

 

a: Derioko Jai Batzordea

Bi asteburu

Horrela, maiatzaren 11n, zapatuan, frontenis-txapelketa izango da goizean, eta herri-azoka. “Azken horren helburua da elkarteak ikusaraztea, eta standak ipiniko dira horretarako. Elkarte askok hartuko dute parte: Emaus, Gure Señeak, Koxak, Marikobaso, AMPA txiki, Txakur Lagunak, Marrazten… Gainera, herriko eta inguruko artisauen lanak ere ikusgai jarriko dira azokan”. Arratsaldean, kalejira dantzagarria egingo da Kukudantza, Piperdun eta Lainomendi elkarteen eskutik. Domekan, bestalde, kirolari lotutako jarduerak izango dira. Ohikoa denez, Untza mendi-taldeak antolatuta, herri-ibilaldia egingo da goizean, eta parte-hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzeagoa, publiko orokorrarentzat; eta laburragoa, familientzat. Doyan klubeko taekwondolariek erakustaldia egingo dute, eta 11:00etatik 14:00etara kirol-festa egongo da. “Oso ekimen herrikoia izango da eta edonork hartu ahalko du parte, herritar guztientzako jolasak egongo dira eta. Ez da proba lehiakorrik izango, jostagarriak baizik; guztiok ondo pasatzeko modukoak”. Eguna amaitzeko, euskal dantzak egongo dira Lainomendi taldeak antolatuta.

Maiatzaren 15a da San Isidro eguna. Aurten, eguaztena izango da, eta protagonistak, umeak. Goizean, haientzako tailerrak eta jolasak egongo dira, baita Odol Argia elkarteak urtero antolatzen duen marrazki-lehiaketa arrakastatsua ere. Arratsaldean, jolas gehiago izango dira, eta marrazki-lehiaketaren sariak banatuko dira. Era berean, diskofesta egingo da lehen aldiz, festa apur bat gehiago luzatzeko asmoz.

Bigarren asteburuak aurreko urteetako eskemari jarraituko dio, berrikuntza bat baino gehiago egongo den arren. Barikuan, maiatzak 17, herri-kalejira izango da Gotx elektrotxarangak girotuta. Ondoren, pregoia irakurri, eta txitxi-burruntzia egongo da. Agertokira hurrengo talde hauek igoko dira gauean: Striknina, Zopilotes Txirriaos, Aiaraldeko Sound System eta Dj Porty. “Musika arloan ere ahalegina egin da, barikuan eta zapatuan eskaintza anitzagoa edo biziagoa izateko eta ahalik eta jende gehien erakartzeko. Betiko moduan, herriko eta inguruko taldeak etorriko dira Deriora, baina kanpoko taldeak ere bai. Besteak beste, rantxerak entzungo dira, dub-a, rap-a, elektrolatinoa… Erromeria ere egongo da, eta modan dauden dj-ak”.

Xaiborren diskofestak hasiera emango die zapatuko ekintzei. Herri bazkaria egongo da, baina aurten beste formatu baten alde egin dute antolatzaileek: paella-txapelketa izango da. “Herri-bazkaria ahul ibili da azken urteetan, eta beste leku batzuetan ondo funtzionatzen duela ikusita, paella-txapelketa antolatzea erabaki da aurten. Nolanahi ere, lehengo aukerari ere eutsiko zaio, eta nahi duenak txartela erosi eta aulkiak eta mahaia hartu ahalko ditu, eta bere bazkaria eraman. Herritarrak modu aktiboago batean inplikatzeko modua da txapelketa”. Izena ematea txosnagunean egin beharko da, eta datozen egunetan zehaztuko da nola egin. Bazkaldu ostean, Julen Axperen Furgonologo bakarrizketaz gozatzeko aukera egongo da, eta arratsaldean izango dira txitxarrilloa, kuadrilen txapelketa-poteoa eta Ipar Alde abesbatzaren emanaldia. Gainera, musika-guneak atonduko dira herriko lau txokotan, eta kontzertua egingo dute Mero & Jonas Nonek, Matxinadak, Altxa Porruk eta Dj Viktor Kordobak.

Jai-giroa kalean

“Jendearen beste aldarrikapen bat izan da txosnagunean eta tabernetan ez ezik kalean ere jai-giroa egotea; hau da, jaietan gaudela igartzea. Hori dela eta, elektrotxarangak girotutako jaitsiera antolatu da bariku arratsalderako, eta gazte-talde batek prestatu du kuadrillen arteko txapelketa-poteoa zapaturako. Halaber, foroan oso proposamen zehatz eta egingarri bat egin zen, eta hori zapatu arratsaldean eramango dugu aurrera: herriko lau txokotan musika-gunea ipintzea. Zehatz-mehatz, Pakearen enparantzan, Urkiola aparkalekuan, Sollube kalean eta Gaztelumendi plazan atonduko dira musika-guneak, eta haietako bakoitzean dj-batek estilo jakin bateko musika ipiniko du: 80ko eta 90eko hamarkadetako abestiak, euskal musika, rockabillya eta rhythm and blues, eta egungo musika”.

Domeka goizean, Elikagai eta Eskulangintza Azoka egingo da; azokaren 27. edizioa beteko da aurten. Azoka-gunean hainbat erakustoki ipiniko dira bertako produktuekin, eta ekintza-sorta zabala egongo da, hala nola herri-kirolak, taloa eta animazioa. Arratsaldean, dantza-erakustaldia egingo dute Kukudantza eta Piperdun elkarteek, eta nagusientzako antzerkia egongo da. Txokolatadaren ostean, jai-amaiera izango da traka eta guzti. “Jaien helburua da partaidetza ahalik eta modu aktiboenean areagotzea. Norbera modu batean edo bestean jaietan inplikatzen denean, bere ingurua ere aktibatzen da, eta, ondorioz, uste dugu parte-hartzea modu naturalean areagotuko dela. Gainera, ilusioa kutsagarria da eta jaiak ilusio handiz antolatu ditugu. Espero dugu jai dibertigarriagoak izatea, gauza on asko ateratzea eta ona ez denetik ikastea. Izan ere, hau ez da gauza puntual bat; bide berri baten hasiera da eta aurrera begira horrela jarraitu nahi dugu”.

Azken urteetan moduan, jai-gunea atonduko da kantxa estalien, kiroldegiaren, frontoiaren eta Kultur Birikaren inguruetan; hala ere, pregoia udaletxeko plazan botako da eta nagusientzako ekintzak Nagusien Etxearen inguruetan. Sexu-erasoei aurre egiteko protokoloa egongo da. “Aurreko urteetan, jai-batzordeak eta Koxak talde-feministak landu dute protokoloa, baina aurten udala ere badabil hori prestatzen. Protokoloa bateratuko da eta behar moduan jakinaraziko da”. Etxera bueltatzeko autobus-zerbitzua ere ipiniko da herritarren eskura, auzoz auzo eta doan, eta datozen egunetan ordutegien berri emango da. Azkenik aipatu beharra dago jai-batzordeak QR bat prestatu duela eta bertan programazioa zein gainerako zehetasunak eta estekak egongo direla eskuragarri.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).