Derioko bizilagunak HAPOren egitasmo biren kontra antolatu dira

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 14a, 14:40

Herritar-talde batek Derio Bizirik auzo-elkartea sortu du, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) jasotako bi egitasmo posibleren aurka antolatzen hasi dira. Jakinarazi duten moduan, alde batetik, baliteke Ganbe Bekoan industrialde berria egitea; eta beste alde batetik, 1.300 etxebizitza baino gehiago eraikitzeak ekarri lezakeela zenbait etxe desjabetzea. Esther Apraiz alkateak, bestalde, lasai egoteko deia egin die herritarrei, “dokumentua aurrerakina delako eta bertan jasotakoa ez delako nahitaez hasierako onarpenaren fasera eramango”.

Ganbe Bekoan industrialde berria egitearen kontra agertu dira Derio Bizirik auzo-elkartearen kideak. Azaldu dutenez, industrialdea ipiniko litzatekeen eremua da aireportuaren eta bizitegi-zonaren arteko berdegune bakarra. “Industrialdea gure etxeetatik hurbil-hurbil egongo litzateke”. Gainera, adierazi dute duela gutxi jakin dutela HAPO euren etxebizitzak eraiki baino 20 urte lehenago onartu zela, eta etxebizitza erosi zutenean inork ez ziela jakinarazi bizitegi-zonaren ondoan industrialdea egin ahal zenik. “Are gehiago, etxebizitzak ingurune berde eta natural batean egongo zirela esan zuen eraikuntzako enpresak”.

Auzokideen esanetan, herriko bi industrialdetan badaude bulego eta pabilioi hutsak, eta horregatik ez dute beharrezkotzat jotzen industrialde berria egitea. Era berean, aipatu dute eremuan baserri bat dagoela, animaliak eta negutegiak dituena, eta industrialdea eginez gero behera bota beharko litzatekeela.

HAPOren beste alderdi batek herrian 1.300 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko aukera ipini du mahai gainean, eta horrek ere kezkatzen ditu auzo-taldearen kideak. Aipatu dutenez, dentsitate txikiko etxebizitza-guneetan dentsitate handiko etxebizitzak eraiki litezke. “Etxebizitzak altxatuko liratekeen lur batzuetan baserriak eta etxeak daude, eta etxebizitza babesturik eginez gero baliteke zenbait etxe desjabetzea”. Era berean, zalantzati azaldu dira, ez dakitelako jabeen gehienek proposamena onartzeak gainerako jabeak ere behartuko lituzkeen. “Jendea bere etxetik ateratzea azken aukera izan behar da. Etxebizitza berririk egin nahi bada, egin ditzatela, baina gure etxetik atera barik”. Gainera, gogora ekarri dute etxebizitza bakoitzaren atzean istorio pertsonal bat dagoela, eta auzokide batzuek etxea duela gutxi erosi edo eraberritu dutela.

Auzo-elkartea sinadurak batzen ibili da egitasmo bien aurka, eta kasu batean zein bestean 1.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte. Sinadurak udaletxean aurkeztu dituzte. Beste aldetik, eguenean, maiatzak 16, bilera izango dute udal-ordezkariekin, eta elkarretaratzera deitu dute domekarako, maiatzak 19. Hitzordua 13:30ean ipini dute Uribe parkean, herriko jaietako egitarauaren baitan antolatutako azoka-gunearen ondoan. Aurretik ere, apirilaren 30ean, elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean eta bertan 250 pertsona inguru batu ziren.  

Jendaurreko fasean

Esther Apraiz Derioko alkateak, bestalde, lasai egoteko deia egin die herritarrei. Azaldu duenez, dokumentua aurrerakina da eta bigarren/hirugarren fasean dago –guztira zazpi dira–; hortaz, erredakzio-taldeak batutako konponbideak ez dira nahitaez hasierako onarpenaren fasera eramango. “Konponbide horiek jendaurrean ipini dira eta helburua da hausnartu eta eztabaida sortzea. Gerta daiteke konponbide horietako batzuk bertan behera uztea eta alternatiba berriak onartzea. Hau da, nahi dugu herritarrek esatea dokumentuan jasotako konponbideak gustatzen zaizkien edo ez, eta proposamen gehiago egin ditzaten”. Horri lotuta, azaldu du dokumentuak ez duela osoko bilkuran inolako onarpenik jaso eta, aurreikuspenen arabera, hasierako onarpenaren fasea hemendik urte batera izango dela.   

Ganbe Bekoan industrialde bat eraikitzeko aukerari dagokionez, Apraizek esan du 2003ko arau subsidiarioetan etxebizitzekin bateragarria den jarduera ekonomikoaren erabilera onartu zela eremu horretarako. Azaldu moduan, urte hauetan, jabe batzuek pausoak egin dituzte eremua garatzeko, baina egoera sozioekonomikoak ekarri du egitasmoak aurrera ez egitea. “Proposamena egin zenean, bertako partikularrek zenbait eskubide jaso zituzten, euren lurzorua jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, haien artean; eta hori aldatuz gero, gerta daiteke udalak ondare-erantzukizuna izatea. Orduan, dokumentuan ez da jaso eremu horretan industrialde berri bat egiteko aukera, baizik eta jabeek hartutako eskubideei eustea. Eta, ondorioz, bertan jarduera ekonomikoa proposatu da, aukera hori aurretik ere bazegoelako. Gero, interes orokorraren mesedetan erabaki beharko da eta hainbat alderdi kontuan hartuta: jabeen eskubideak, udalak ondare-erantzukizunik izango duen, herritarren iritzia… Nolanahi ere, hurrengo hau ere gerta daiteke: neurria onartzea, baina urteetan ez garatzea, egoera sozioekonomikoa egokia ez delako. Hau da, planteamendua ez da dokumentuan jasotakoa egingo dela, baizik eta eremu horretan zerbait garatzekotan zer garatu beharko den”.

Beste alde batetik, Apraizek azaldu du herrigunean dauden dentsitate txikiko eremuetan birdentsifikazioa proposatu dela, baina kasu honetan ere horrek ez duela adierazi nahi irtenbidea hasierako onarpenaren fasera eramango denik. “Jabeei eskatu diegu zer iruditzen zaien azaltzeko, hainbat arrazoirengatik batzuei interesatu ahal zaielako, eta beste batzuei ez”. Alkateak argitu nahi izan du birdentsifikazioak ez duela adierazi nahi desjabetzeak egongo direnik eta eraikinak bertan behera botako direnik. “Jabeei ematen zaien eskubidea da, nahi izanez gero etorkizunean sustatzaile batekin akordioa egin, etxebizitza bota, eta parametro berriak kontuan hartuta etxebizitza berriak egin ahal ditzaten”.

Apraizen esanetan, erredakzio-taldeak jendaurreko fasean jasotakoaren arabera egingo ditu proposamen berriak eta horiek aurkeztuko dizkiete politikariei, hausnartzeko eta hasierako onarpenaren fasera eramateko. “Esan moduan, hori datorren urtean izan daiteke, beharbada”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).