Jakinmin handia sortu da zure inguruan. Zer deritzozu?
Oso balioetsita sentitu naiz. Hainbat komunikabide ipini dira nirekin harremanetan, eta estimatzen dut. Hala ere, nire kasutik haratago, uste dut pertsona ijitoek egiten ditugun gauza guztiak nabarmendu behar direla. Ulertzen dut nire kasuak eragina izan ahal duela eta gizarteari lagundu ahal diola, baina ahotsa ere eman beharko litzaieke, esaterako, Ijito-herriaren Nazioarteko Egunari –apirilak 8– edo diskriminazioa jasotzen dutenei ere, baita babes handiagoa ere.
“Nire kasuak eragina izan ahal du, baina diskriminazioa jasotzen dutenei ere eman beharko litzaieke ahotsa”
Diplomak emateko ekitaldian ijito-herriaren bandera jantzita ikusi zintugun. Harro?
Oso harro. Izan ere, edozein pertsona ijitok ni erreferentetzat hartu eta bere ametsa egia bihurtu daitekeela pentsatzeak harrotu egiten nau. Nik bizi izandakoak beste pertsona batentzat lagungarria bada, pozik.
Izan ere, askotan esan duzu ijito-herrian erreferente falta dagoela.
Bai, horrela da. Nik, berriz, osaba Ramón izan dut erreferentetzat: unibertsitatera joan zen eta beti esaten nuen bera bezalakoa izan nahi nuela. Egia da karrera hasi nuenean emakume abokatu ijito batzuk ezagutzen nituela, baina ez ziren erreferente hurbilak. Hortaz, beste batzuek ni erreferente hurbil moduan ikusi ahal izateak harrotasunez betetzen nau.
Erantzukizun handia da?
Bai, apur bat, baina lasai nago, badakidalako bide onetik noala.
Adierazi duzu hezkuntza-sistemak ez duela sustatzen pertsona ijitoek goi-mailako ikasketak egitea. Zelan bizi izan duzu hezkuntza-prozesua?
Pertsona ijito bakarra izan nintzen eskolan, eta horrek sentiarazi zidan besteak baino gutxiago nintzela, ez nintzela gai. Are gehiago, unibertsitateko lehenengo urtean karrera utzi nuen, nire lekua ez zela pentsatzen nuelako: oso leku handia zen eta nik ez nuen zerikusirik han zeudenekin… Niretzat gehiegi zela pentsatzen nuen. Gaur egun, bestalde, ijito gazteen elkarte batean eta emakume ijitoen beste elkarte batean egiten dut lan, eta ikusi dut eskola-segregazio handia dagoela. Gainera, gainerako ikasleekin alderatuta, itxaropen gutxi daude ikasle ijitoekiko, eta txikitatik barneratzen dugu gai ez garela. Unibertsitatera ailegatu ahal garenik ere ez da pentsatzen…
“Itxaropen gutxi daude ikasle ijitoekiko, eta txikitatik barneratzen dugu gai ez garela”
Zailagoa da emakumea izanik?
Bai, emakume ijitook diskriminazio bikoitza jasaten dugu eta.
Zure familia erabakigarria izan zen karrera berrartzeko erabakia hartu zenuenean.
Familia oinarrizko zutabea izan da niretzat. Senideekin elkarrizketa luzeak izan nituen, eta horiek izan ezean, ez niokeen karrerari berriro ekingo. Egia esan, karrera utzi nuenean, guztiak tristatu ziren pilo bat, ze hasieran nik ilusio handia nuen, eta hainbat goibel ikusita, bada, haiek ere txarto pasatu zuten. Baina haien babesari esker erabaki nuen fakultatera itzultzea eta berriro saiatzea.
“Familia oinarrizko zutabea izan da: senideekin izandako elkarrizketei esker erabaki nuen karrera berrartzea”
Zergatik ikasi duzu Zuzenbidea?
Batxilergoa hasi nuenean ez nuen argi zer egin nahi nuen. Gainera, irakasleetako batek Zuzenbidea ikasita zuen eta karreraren alde txarrei buruz hitz egin zigun, eta alde batera utzi nuen. Baina gero, selektibitatearen nota jaso eta karreren zerrenda birpasatu nuenean, argi izan nuen. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin, eta karrera berriro aukeratu beharko banu, erabaki berbera hartuko nuke.
Giza eskubideak
Derioztarrak Romi Berriak ijito gazteen elkartean eta AMUGE emakume ijitoen elkartean lan egiten du gaur egun. Horrezaz gainera, Abokatutza eta Prokuradoretza Masterra egiten dabil, eta oraindik denbora du iluntzeetan taekwondoa egiteko. Aipatutako elkarteetan, doako aholkularitza legala ematen die erabiltzaileei. “Aholkularitza edozein arlotan ematen dugu, eta horrek eskatzen du zuzenbideko arlo guztietan egunean egotea. Hortaz, adituekin etengabeko harremanetan izan behar dut, orientatu nazaten eta esperientzia hartuz joateko. Batzuetan gogorra da, diskriminazio-egoera asko kontatzen dizkigutelako. Pertsona horiek aholkularitza ez ezik ulertuta sentitzea ere behar dute, eta, nire ustez, diskriminaziorik edo arrazakeriarik jaso ez duenak ez dituzte % 100ean ulertuko; polita da ikustea askotan pertsona «erreparatuta» sentitzen dela”.
Bestalde, Chaladur programan hartzen du parte AMUGE elkartearen bidez, eta bitartekaritza-lanak egiten ditu ikasle ijitoen eta beren familien eta eskolaren artean. “Helburua da ikasle ijitoak motibatzea ikasten jarraitu dezaten”. Apirilean Europako Parlamentuan izan da, Patricia Caro Maya eurodiputatu ijitoak gonbidatuta, eta bertan Europako beste ijito batzuk ezagutzeko aukera izan du. “Horrek nire burua giza eskubideen arloan trebatzeko gogoa piztu dit”.