Gontzal Jauregi ELAko ordezkaria da. Azaldu digunez, ELAk eskatutako puntuak langileentzat nahiko onuragarriak izan arren, ez dira akordioan sartu. “Adibidez, eskolak eta jaiegunak prestatzeko plusak hobetzeko aukera, ezta ordainsari-bermea duten igandeetako plusak, kategoria guztietako gaueko plusa (bi kategoriatan bakarrik ordaintzen da), kategorien parekatzea eta medikuarenera joateko ordaindutako baimenak ere”. Era berean, aipatu du hitzartutako soldata-igoerak KPIren azpitik daudela eta ez dela langileen erosteko ahalmena bermatzen. Gainera, galera epe luzera mantenduko dela esan du, hitzarmenaren indarraldia sei urtekoa dela eta. Aldizkako kontratu finkoei dagokienez, “hitzarmenean jasotzen da aldizkako lanaldi partzialak mugarik gabe egiteko aukera”. Halaber, “lanaldi-murrizketa oso epe luzera lortuko da, 2028an 35 ordura iristen delako; hori 2026an lortu beharreko aldarrikapen historikoa da”.
Jauregik azpimarratu du Deriokoak ez direla greban dauden Bizkaiko kirol-langile bakarrak. “Barakaldon, Leioan, Sopelan, Elorrion eta Bilboko zenbait kiroldegitan ere greban daude”. Horrezaz gainera, gogora ekarri du mobilizazioak abenduan hasi zituztela eta dagoeneko 22 greba-egun egin dituztela. Era berean, esan du langileen egoera hobetzeko erantzukizuna enpresek ez ezik udalek ere badutela. “Azken batean, lizitazioak publikoak dira eta erreferentziatzat Bizkaiko lokalen eta kirol-guneen hitzarmena hartzen da, oso eskasa dena”.
Derioko Udalak, bestalde, adierazi du grebaren arrazoiek enpresaren eta langileen arteko barne-desadostasunei bakarrik erantzuten dietela. “Egoera honen aurrean, udala bitartekari eta erraztatzaile dabil, konponbide adostua lortzeko helburuarekin”. Azaldutakoaren arabera, udalak zenbait bilera egin ditu Ebone Servicios enpresa esleipendunaren eta ELA sindikatuaren ordezkariekin eta jakinarazi die “kezka handia dutela, lan-gatazkak eragin zuzena duelako derioztarrak jasotzen ari diren zerbitzuetan”. Halaber, gatazka alderdi guztientzat modurik onenean konpontzeko asmoz, Esther Apraiz Derioko alkateak eta Aitor Aurrekoetxea kirol-zinegotziak publikoki berretsi dute enpresaren eta langileen arteko bitartekari-lanak egiten jarraitzeko konpromisoa, “biek hala eskatzen dutenean”. Esther Apraiz alkateak esan duenez, “gure nahia da desadostasun hori lehenbailehen konpontzea, bi aldeentzat egokia den irtenbide bat lortuz. Udal-kiroldegia oso zerbitzu garrantzitsua da derioztarrentzat. Nahiz eta udalak ez duen inolako eskumenik enpresaren eta langileen arteko lan-harremanean, gure esku dagoen guztia egingo dugu hurbilketa errazteko, bi aldeak akordioa egiteko, eta, horrela, kiroldegia eta estali gabeko igerilekuak ekainean itxi ez daitezen”.
Azkenik, udalak gogorarazi du “administrazio gisa derioztarrei ahalik eta zerbitzu publiko onena ematen jarraitzeko betebeharra duela”, eta adierazi du “udal-instalazioetan modu zuzenean edo enpresa pribatu baten bidez lan egiten duten pertsonen eskubideak bermatzen jarraituko duela”.
Beste alde batetik, Ebone enpresak jakinarazi du momentu honetan ez dela zerbitzuaren behin betiko esleipenduna. Enpresaren ordezkari batek azaldu duen moduan, hasieran lizitazioa haiei eman zitzaien arren, lehian ibili zen beste enpresa batek errekurtsoa ipini zuen eta Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak (KEAO) onartu zuen. Ebone enpresak ere errekurtsoa ipini zuen KEAOren erabakiaren aurka, eta auzia Auzitegi Nagusian dago gaur egun. “Epaiaren zain gaude eta horregatik ezin dugu momentu honetan inongo hitzarmenik negoziatu”.