“Lekuetara nire kabuz, bizikleta gainean, ailegatu naizela pentsatzea asko gustatzen zait”

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 3a, 13:12

Imanol Arriortua Zorrilla, paracycling-eko txirrindularia

Derioztarra Espainiako txapelduna da txirrindularitza egokituan, hura irabazi baitu erlojupeko proban zein errepideko lasterketan. Txapelketa Murtzian izan zen maiatzaren azken asteburuan, eta bertan tandem kategorian hartu zuen parte, Fran García Rus bikotekidea zuela. Irailean, Zuricheko mundialean hartuko du parte.

Lehenengo eta behin, zorionak eman behar dizkizugu.

Eskerrik asko. Oso pozik nago. Txirrindularitza egokituan, lehen aldia izan da Espainiako Txapelketan parte hartu dudana, eta, gainera, erlojupekoa zein errepideko lasterketa irabazi ditut. Bero itzela egon zen Murtzian, eta, ondorioz, oso nekatuta ibili nintzen hasieran. Pentsatzen nuen ez nuela emaitza onik lortuko, baina azkenenean hobetu nintzen.

Txapelketan Euskadiko Selekzioarekin hartu zenuen parte. Nola hasi zinen txirrindularitza egokituan?

Ikusmeneko gaixotasuna dut txikitatik. Hamazortzi urte nituela, beste lagun batekin monitore ibili nintzen txirrindularitza-udaleku batzuetan: bizikleta erosi, eta ibiltzen hasi nintzen. Lagunak triatloiak egiten zituen eta behin atera nintzen bere taldearekin: guztiei irabazi nien. Orduan pentsatu nuen lehian sartzea. Duela hiru urte eta erdi hasi nintzen ohiko txirrindularitzan lehiatzen, baina ez nien ezer esan nire gaixotasunari buruz. Entrenatzaileak harritzen ziren eta esaten zidaten nire potentziala dela-eta txapelketetan lehenengo hamarren artean egon behar nuela; ni, berriz, askoz beranduago ailegatzen nintzen helmugara… Entrenatzailez aldatu nintzen iaz, eta gure artean konfiantza handia sortu zenez, kontatu nion ikusmeneko gaixotasuna dudala. Orduan erabaki genuen modalitate bietan saiatzea: ohiko txirrindularitzan eta paracycling-ean.

Txirrindularitza egokituari dagokionez, Cofidis Promesas taldean zabiltza.

Hango zuzendariarekin ipini nintzen harremanetan, eta lehenengo eta behin ONCEko kide izan behar nuela esan zidan. Kide egin nuen, eta aurten Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa bitara joateko aukera eman didate: bata izan zen Belgikan, eta bestea, Italian. Belgikan, hamaikagarrena izan nintzen erlojupeko proban, eta bosgarrena, errepideko lasterketan; Italian, bestalde, seigarrena erlojupekoan, eta zortzigarrena errepidean.

Oso emaitza onak dira, halako probetan parte hartzen duzun lehen aldia dela kontuan hartuta.

Bai, emaitza ona da. Ni, behintzat, oso pozik nago.

Zein taldetan zabiltza ohiko txirrindularitzan?

Zallako Perseus Zabalgarbi Fortinet taldean nago eta 23 urtez azpiko elite kategorian lehiatzen naiz. Bi modalitateetan lehiatzeko baimena eman didate, eta ahal dudan bitartean bietan ibiliko naiz. Hala ere, argi esan diet lehentasuntzat paraclying-a dudala.

Nolakoa da tandemean joatea?

Hasieran estutzen nintzen, pilotuaren atzean ibiltzeagatik. Motor batean moduan, paketea zara, baina pedalei eragin behar diezu. Nire gaixotasunaren ondorioz, dena lauso ikusten dut; adibidez, auto bat antzemateko gauza naiz, baina ezin dut ezberdindu zein modelo den. Hortaz, ohiko txirrindularitzan oso azkar gidatzen dugunez, leku estu batean, trabagarriak dituen leku batean… sartu behar badut, atzean ipintzen naiz, tartea uzten dut, eta lasaiago ibiltzen naiz. Baina horrek ekartzen dit gero askoz esfortzu fisiko handiagoa egin behar izatea; nolanahi ere, ikusmen-erreferentziaren bat dut. Tandemean, berriz, bakarrik ikusten ditut pilotuaren sorbalda eta ipurdia eta berak esaten duenaz fidatu behar dut. Berak maneiatzen ditu galgak, aldagailuak… eta nik adina indar egiten du. Egia esan, gustatzen zait, lasaiago ibiltzen naizelako. Bizikleta neuk gidatzen dudanean, beti naiz zerbaiten kontra egitearen beldur.

Zer kontatuko diguzu entrenamenduei buruz?

Bada, astean sei egunetan entrenatzen dut, lagunekin eta txirrindularitza-koadrilarekin. Entrenatzaileak esaten dit zer-nolako entrenamenduak egin behar ditudan eta astean 20 ordu inguru egin ohi ditut.

Zelan moldatzen zara Fran Garciarekin?

Orain arte ondo moldatu gara elkarrekin. Egia esan, uste dut tandemean 20 aldiz-edo ibili naizela; are gehiago, Belgikako kopan parte hartu baino lehen hiru aldiz entrenatu nintzen berarekin, eta gero lasterketa egin genuen.

Zeintzuk dira zure planak?

Ohiko txirrindularitzari dagokionez, ondo pasatu nahi dut, konturatu naizelako ezin naizela gainerako txirrindulariekin lehiatu. Txirrindularitza egokituari dagokionez, bestalde, Madrilgo ADOP beketan sartu nahi dut, baita Basque Teamean ere. Eta hobetzen jarraitu nahi dut. Irailean, esaterako, Zuricheko mundialera joango naiz eta espero dut ondo egitea.

Nola prestatuko duzu zure burua?

Erritmoa apur bat geldituko dut datorren hilabetean, eta gero Sierra Nevadara joango naiz Franekin. Oso ondo dago, entrenamenduak-eta altueran egiten direnez, jaisten zarenean “indartsuago” sentitzen zarelako. Era berean, saiatuko naiz txirrindularitza-koadrilarekin Pirinioetara joaten.

Zer da bizikletatik gehien gustatzen zaizuna?

Askatasun-sentsazioa. Asko gustatzen zait, adibidez, Laida eta Lagara joatea; etxetik urrun egotea eta pentsatzea hara nire kabuz, bizikleta gainean, ailegatu naizela pentsatzea. Beste aldetik, berton aukera onak ditugu entrenamenduetarako eta ibiltzeko, nahiz eta dena aldapan gora edo behera izan.

 

Hurbiletik

Arriortuak 26 urte ditu, eta txikitatik dago Gure Señeak herriko elkartean. Fisioterapia ikasi du eta gaur egun osteopatiari buruzko masterra egiten dabil. “Fisioterapeuta moduan egin dut lan, baina gaur egun ez dut denbora askorik eta buru-belarri nabil txirrindularitzan. Nolanahi ere, gustatuko litzaidake etorkizunean fisioterapian eta osteopatian ibiltzea”. Bere adineko edozein gazteri bezala, lagunekin egotea gustatzen zaio. Baita telesailak eta dokumentalak ikustea ere. “Batez ere kirol-dokumentalak gustatzen zaizkit: formula 1 eta moto GP. Ibilgailuak txikitatik gustatzen zaizkit… Bizikletarekiko obsesioa-edo hortik datorkidala uste dut; izan ere, zerbait gidatzeko modua da”. Bere telesailik kutunena Peaky Blinders dela esan digu; Élite eta La Casa de Papel ere gustura ikusten ditu.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).