Azaldu dutenez, helburua da ikaskuntza integrala sustatzen duen ingurune bat sortzea. Patioak lotura izango du haurtzaindegiko eraikinarekin eta “pluraltasuna, gizarte-harremanak eta hazkunde pertsonala sustatzeko topalekua izango da”, adierazi dute. “Joko-esperientzia bereziak eskaintzeko, egituratutako joko eremuak hartuko dira barne. Hainbat jarduera-mota eta intentsitate-mailatara egokituta, askotariko interes eta gaitasunak islatzen dituzten joko-guneak sortuko dira, ikasle guztiek integratuta eta baloratuta sentitzeko aukera izan dezaten”.
Patioak, besteak beste, izango ditu bi metro zabalerako bidexka irisgarria, 155 metro koadroko eremu estalia euria egiten duen egunetarako, eta naturarekiko harremana sustatuko duten berdeguneak. “Elementu horiek ikaskuntza aktiboa eta esplorazioa errazteko diseinatuta daude, ikasleen hazkunde emozionala eta fisikoa bultzatuz”.
"Proiektu hau patio berri bat baino askoz gehiago da; aukera bat da eskolako txikienek aniztasuna eta berdintasuna lantzeko ingurune bat izan dezaten. Gure 2023-2027 Legealdi Planak eta Derio 2030 estrategiak argi eta garbi definitzen eta markatzen digute jarduera hauen garrantzia eta lehentasuna", nabarmendu du Esther Apraiz Derioko alkateak. Era berean, tokiko gobernuak berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako hezkuntzarekin duen konpromisoa azpimarratu du.