Antolatu ditugun ekintza guztietan lehentasuna dute ahalik eta jende gehienek parte hartzeak eta euskararen erabilera sustatzeak”, azaldu du Laura Martinez euskara-teknikariak. Lehentasun horiek biak presente izango dira Txorierriko Euskararen Astean egingo diren ekintza guztietan. Ekintzak azaroaren 26an hasiko dira herri-ikastetxeetako umeen eskutik. Ekintzetan 1.200 ume inguruk hartuko dute parte.
Lehen saioa Euskaraokea izango da 5. eta 6. mailetako ikasleentzat. Martinezen esanetan, 140 euskal kanta, zaharrak zein modernoak, bidali dira eskoletara, ikasgela bakoitzak bat aukeratu eta horren abestia eta koreografia prestatu ditzan. “Antolatzen dugun hirugarren urtea da, eta, egia esan, egundoko indarra hartu du. Gainera, ekintza hobetuz eta profesionalizatuz doa urterik urte”. Hurrengo egunean, azaroak 27, Azken eguzkilorea antzezlanaz gozatuko dute zazpi urtetik bederatzi urtera bitarteko umeek. Eguenean, azaroak 28, Potx! magoak magiaz eta sorpresaz betetako ikuskizuna eskainiko die lau urtetik sei urtera bitarteko umeei. Hiru ekintzak kiroldegiko kantxan izango dira, eta ekintza bakoitzeko bi saio egingo dira. “Aipatu beharra dago Derioko eskola buru-belarri dabilela prestaketa-lanetan, haiek egingo baitituzte aurkezpenak saio bakoitzaren aurretik. Era berean, 6. mailakoek bertsoak prestatu dituzte Etxahun Lekueren laguntzaz. Bertsoak herri ikastetxeetara bidali dira, ikasleek ikasteko eta gero, saioen egunean, guztiek batera abestu ditzaten”.
Gazteengan eragitea da Euskaren Astearen antolatzaileen beste helburu bat, eta horretarako, bi ekintza erakargarri prestatu dituzte azaroaren 27rako eta 29rako. “Alde batetik, elkarrizketa musikatuak izango dira Gurea Aretoan, institutuko lehenengo mailakoentzat. Eire taldeko Eire Maia eta J Martina taldeko Kattalin Barcena gonbidatu ditugu aurtengo saiora, eta ikasleek galderak prestatu dituzte abeslari biei egiteko. Era berean, Batxilergoko talde batek joko du saioan. Beste aldetik, institutuko Batxilergoko I. mailako ikasleek solasaldia izango dute Kike Amonarrizekin, euskararen erabileran duten papera hausnartzeko. Helburua da gazteak inplikatu, xaxatu eta erakar-tzea, eta Amonarriz baino hoberik ez dago horretarako”. Kasu honetan ere bi saio egingo dira ekintza bakoitzeko.
Asteburuan
Publiko orokorrarentzako ekintzak eguenean hasi, eta zapatuan amaituko dira. Azaroaren 28an, Jon Plazaolaren Tu-tum, platz! umorezko bakarrizketaz gozatzeko aukera egongo da. Saioa 19:00etan, Gurea Aretoan, egingo du Urretxuko aktoreak, eta sarrera librea izango da aforoa bete arte. Barikuan, 19:30etik aurrera, Ipar Alde abesbatza eta Kittu erromeria-taldea kantuan eta dantzan ibiliko dira iluntzea girotzeko. Ekintza hau Derioko Udalaren laguntzaz antolatu da.
“Korrontziren ikuskizuna izango da ekitaldirik potenteena eta herri mailan eraginik handiena izango duena. Hori zapatuan izango da, baina ez genuen kontzertu hutsa izatea nahi; herritarrek parte hartzea nahi genuen. Hortaz, Lainomendi dantza-taldearekin ipini ginen harremanetan, eta proposatu genien agertokian Korrontzirekin batera ari-tzea. Lan handia ekarri arren, aukera ona da haientzat eta proposamena onartu zuten. Era berean, Txorierriko gainerako dantza-taldeak gonbidatu genituen ekitaldian parte hartzera, eta Lezamako Kurutze dantza-taldea animatu da. Dantzariak irailetik dabiltza buru-belarri entseguak egiten, Korrontziren irakasle batek gidatuta zein euren kabuz. Agertokira Txorierriko 20 bat dantzari igoko dira, eta oso ekitaldi polita izango da zalantzarik gabe”.
Hazia
Partaidetza handiko Euskararen Astea izatea espero du Martinezek. “Gainera, gazteen kasuan, norbaitengan zeozer piztea lortzen badugu, gu pozik”. Gogora ekarri duenez, laster Euskaraldia izango da, eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala ere beste aukera bat da gazteengan eragiteko. “Ea lortzen dugun gazteen talde bat sortzea, ze azkenean dena dago lotuta. Mihiluze egitasmoa ere hor dugu. Jakin badakigu jende guztiak ez duela egun batetik bestera euskaraz egingo, baina, gauza puntual bat egin baino, aipatutako moduko ekintzak lotu behar dira, ereinez eta ereinez joaten den hazia baitira”.
Uzta zain, azpimarratu du Derioko ikastetxean irailetik oso lan handia egiten dabiltzala Euskararen Asteari begira. “Iaz Sondikan izan ziren ekintzak, eta hango eskolak itzelezko lana egin zuen, eta oso balorazio positiboa egin zuten. Pizgarria izan zen haientzat. Seguru nago iaz Sondikan egon zen indar eta ilusio hori aurten ere Derion ikusiko dugula”.