12 milioiko baino gehiagoko aurrekontua izango du Deriok 2025erako

Aikor aldizkaria 2024ko aza. 29a, 12:41

Derioko Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, 12.368.491 euroko aurrekontua onartu dute 2025erako, eta aurtengoa baino % 5,5 handiagoa izango da. “Inoizko aurrekonturik handiena da”, adierazi dute. Prentsa-oharraren arabera, aurrekontua azaroaren 26an onartu zen, eta EAJk aldeko botoa eman zuen (zazpi boto); EH Bilduk, kontrako botoa (lau boto); eta PSE-EE abstenitu zen.

Azaldu moduan, inbertsioetara 1.026.500 euro zuzenduko dira, eta haien artean daude Herriko Plazan komun publiko bat jartzea, haur-parkeetako ekipamenduak ordeztea, udal-eraikinetan inguratzaile termiko jartzeko azterlana egitea, eskolan aerotermiako galdara jartzea eta kolektoreen mantentze-lanak. Bestalde, pintadak garbitzeko, 20.000 euroko laguntza egongo da auzotar eta jabeen erkidegoentzat, eta, partaidetzazko aurrekontuen bidez aukeratu zen moduan, 120.000 euro ipiniko dira aire zabaleko kirol-instalazioak hobetzeko. Era berean, diru-partida bat jaso da hurrengo proiektu hauek idazteko: Erdiko Kalea berreurbanizatzea, San Miguel plaza berreurbanizatzea eta irisgarritasuna hobetzea eta Aldekone inguruan aisia-gune estalia eraikitzea.

Beste alde batetik, Derioko Udalak azpimarratu du gizarte-laguntzetarako diru-partida % 22,31 igo dela (350.000 euro). “Halaber, berdintasunerako diru-partida % 11 igo da (48.000 euro), eta Tokiko Enplegu Plan bat ere diseinatu da. Horrez gain, kultura-jardueretarako, euskararako, jaietarako, haur eta gazteentzako eta hirugarren adinekoentzako diru-partidek % 5eko igoera izan dute batez beste”.

Esther Apraiz alkatearen esanetan, “aurrekontu honek zerbitzu publikoen prestaziorik onena bermatuko digu, eta ahalbidetuko digu derioztarren ongizatearen etengabeko hobekuntzan aurrera egitea, eta, aldi berean, udalerrirako ditugun proiektuak martxan jartzea. Derio gune atseginagoz hornitzeko proiektu estrategikoak abiaraziko ditugu. Aurrekontuak laguntzen du Derio leku erakargarria bihurtzen, berton bizitzeko, gozatzeko eta inbertitzeko”. Apraizek gogora ekarri duenez, “Derioko Udalaren osasun-finantzarioa da Bizkaiko onenetakoa: ez du zorrik eta baliabide propioekin inbertitzeko gaitasuna du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).