Moja klaratarren Derioko komentua eta ‘deabrua’ protagonistak New York Times egunkarian

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 13a, 14:04

New York Times egunkarian, Beloradoko moja klaratarren auziari buruzko erreportajea argitaratu da. Erreportajean monjek Derion duten komentua ere izan dute hizpide, eta klaratarrek egunkari amerikarrari adierazi diotenez, bertan eman zituzten urteetan “deabruaren jazarpena” pairatu zuten.

Mojen esanetan, 2011n eskatu zieten Derioko komentua Beloradoko ordenaren baitan sartzeko, eta turista jainkozaleentzako zentro espirituala bihurtu. Deriora moja gazte batzuk bidali zituzten, “eta hara ailegatu zirenean konturatu ziren hormetan hezetasuna zegoela eta gelak intsektuz beteta zeudela”, jaso dute egunkarian. Gainera, “lekuan zerbait arraroa arnasten zen, lasai uzten ez gintuena”. Hala eta guztiz ere, komentua berritzeko lanei ekin zieten Beloradoko ordenaren dirua erabilita.

Baina sei urte pasatu ziren, eta monjek ez zuten lortu ez fededunik, ez dohainik erakartzea, eta “ahituta zeuden fisikoki eta mentalki”. Mojak gaixotzen hasi ziren, eta haien arteko liskarrak ohikoak ziren. “Gauez ezin azalduzko zaratak entzuten zituzten: teilatuan arrastaka eramaten zituzten objektuak, ume txikiak negarrez, barre goibelak, pausoak… Indar ikusezin batek biratzen zituen heldulekuak. Argiak pizten eta amatzen ziren. Gauza batzuk euren kabuz mugitzen ziren mahaietan. Mojak sinetsita zeuden hor deabrua zegoela”, idatzi dute egunkari amerikarrean. Exorzismoak egiten saiatu omen ziren. Burgoseko Artzapezpikutzak, bestalde, adierazi du Derion ikerketak egin zirela, exorzismoen erritualean jasota dagoen moduan, baina ez zirela mojek esandako fenomenoak antzeman. Era berean, esan du inork ez zituela mojak komentutik bota, baizik eta beren oldez alde egin zutela.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).