Politeknika Txorierriko arduradunek adierazi dutenez, saria jasotzeko beharrezkoa zen GJHei lotutako ikastetxeek egindako ekimenen dokumentazioa aurkeztea. Formatu horren barruan bi modalitate zeuden: A modalitatea, esperientzia puntualak biltzen zituena; eta B modalitatea, urteko esperientzia bertikalak nabarmentzen zituena. “Politeknika Txorierrik bietan aurkeztu zuen dokumentazioa. Asmo handiko proiektu honen bidez erakutsi du bere prestakuntza-eskaintzan iraunkortasuna txertatzeko gaitasuna duela, ikasleak ikasgeletatik haratago doazen eta komunitateari zuzenean eragiten dioten ekimenetan inplikatuz”.
Esperientzia puntualek ikasleen, irakasleen eta tokiko eragileen arteko lankidetza sustatu dute. “Ekintza horien bitartez, loturak sortu dira hainbat elkarte edo erakunderekin, hala nola Derioko Udalarekin, Igurcorekin (adinekoentzako eguneko zentroak), APNABIrekin (autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen elkartea) eta EMAUSekin (gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duena).
Bestalde, azaldu moduan, ikasturtean garatzen diren ekimenei esker lortu dute ikasleek epe luzerako konpromisoa hartzea etorkizun jasangarrira bideratutako jarduerekin. “Prestakuntzaz gainera, gizarte-konpromisoaren eta ingurumen-erantzukizunaren balioa ere irakasten du Politeknika Txorierrik. Besteak beste, harremanetan izan gara BABekin (Bizkaiko elikagaien bankuak),LAGUNARTEANekin (etxebizitzarik eta baliabiderik ez duten pertsonen elkartea) eta APASOS (animaliak babesteko elkartea).
Politeknika Txorierriko arduradunen esanetan, saria da beste eragile batzuekin batera inguruan GJHak ezartzeko ahaleginaren isla. “Aliantza horiek indartzeko lanean jarraituko dugu, eta aldaketa positiboa bultzatzen duten ekimen berriak garatuko ditugu, bai ikastetxean, bai inguruan”.