“Liburua Deriori eskaintzea izan da nire ibilbide poetikoari buru emateko modua”

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 21a, 13:27

Fernando Zamora, poeta

Sei hamarkada baino gehiago idazten eman ostean eta 30 antologiatan baino gehiagotan parte hartuta, poeta derioztarrak bere obrarik hurbilena eta pertsonalena aurkeztu berri du: Derio nire bihotzean. Bakarrik idatzi duen hamargarren liburua da, eta, azaldu duenez, bere komunitateari eta inguruari eskainitako kantua da. Izan ere, miresten duen herriaren bilakaera biziki eta hurbiletik bizi izan du Zamorak.

Obrarik inportanteena da zuretzat?

Duda barik. Liburu hau Deriori eskaintzea izan da nire ibilbide poetikoari buru emateko modua.  Suerte handia izan dut, nire adinean semetzat hartu ninduen herriari eskainitako poemak bildu ahal izan ditudalako. Nolanahi ere, egia da oraindik argitaragabeko 15 liburu ditudala. Haien artean daude Con las musas del amanecer, non bikotekideari goizean agurtzeko idatzi nituen 300 poema laburretako batzuk jaso ditudan; eta En el París de mis versos, zeina Frantziako hiriburura egindako bidaia bizi baten ostean idatzi nuen.  

Derio nire bihotzean liburuan, herrian daramatzazun 60 urtean idatzi dituzun poemetako batzuk jaso dituzu. Zenbat dira guztira?

Liburuan ia 100 poema daude, eta guztira 3.000 poema baino gehiago idatzi ditut; asko, Deriori eskainita. Poemak aukeratzeko, kalitatea eta interesa izan ditut kontuan. Aukeraketa zaila izan da, baina adostua, eta xarma ere bazuten batzuk liburutik kanpo utzi behar izan ditut.

Hiru ataletan batu dituzu.

Lehena, Herria, Derioko elementuen edertasunari edo erabilgarritasunari egindako kantua da. Goraipamenak dira nagusi, baina kritikarako lekua ere badago. Bigarren atalean, Gertaerak, herritarren errebindikazio- eta ospatze-momentuak jaso ditut; gehienek solidaritatea eta guztion ongizatea izan dituzte ardaztzat. Eta azkenik, Gu atalean, miresten ditudan pertsonen gaineko poemak daude. Pertsona garrantzitsuak dira, gure herriaren zutabe izan direnak. Jakina, ez daude guztiak, baina aukeratutakoek oso ondo islatzen dute komunitate moduan zer garen.   

Derioko zein leku, pertsona… dira inspirazio-iturri zuretzat?

Bada, edozein egoeratan sortu daiteke sormenezko txinparta, eta batzuetan, zergatik ez dakizula, momentua islatzeko beharrizana sentitzen duzu.

Azken liburu hau oparia dela adierazi duzu.

Hainbat alderdirengatik da oparia: edizioaren kalitateagatik, miresten ditudan inguruari eta pertsonei buruzko liburua argitaratzeko aukera izan dudalako, eta udalak emandako babesagatik. Liburuan nahasitako pertsonen eta herritarren erantzuna hain izan da positiboa, ezen liburua egin izana benetako oparia izan baita niretzat.  

“Hainbat alderdirengatik, liburua egin izana benetako oparia izan baita niretzat”

Ibilbidea da Derioko gizartetik, paisaiatik eta komunitatetik. Alde handia dago duela 60 urte ezagutu zenuen herriaren eta gaur egungo herriaren artean?

Bai, desberdinak dira oso, baina gauza bera esango nuke Txorierriri buruz. Populazioa sei aldiz biderkatu da, eta horrek erabateko aldaketa ekarri du. Landa-inguru batetik industria-inguru batera pasatu da, baina, zorionez, modu ordenatuan izan da. Guztion ahaleginari esker, gure bailarak jarraitzen du bizitzeko leku egokia eta erosoa izaten.

Lehen bezainbeste inspiratzen zaitu?

Berdin dio, beti dagoelako luze eta zabal zeri buruz idatzi. Nire kasuan, poesiaren bidez. Gainera, kontatzeko gauza positiboak daudenean eta herriak hobera egiten duela ikusita, errazagoa da bertsoak idaztea.

“Kontatzeko gauza positiboak daudenean eta herriak hobera egiten duela ikusita, errazagoa da bertsoak idaztea”

 

Cervantesen iritzikoa

Fernando Zamora da Fernando Lorenzo Gómez poeta derioztarraren izengoiti literarioa. 1940. urtean jaio zen La Hiniesta herrian, Zamoran, eta nerabea zela etorri zen Bizkaira. “Hamazortzi urterekin hasi nintzen poesia idazten, eta 25 urterekin, lanak argitaratzen. Bilboko irratiek berehala eman zuten nire lanaren berri, eta «irratiko poeta» esaten zidaten. Horrek bultzada handia eman zion nire lanari”. Beste poeta batzuekin batera, Aralar Poesia eta Literatura Elkartea sortu zuen 1973an, eta Unamunoren Lagunen Elkartearen eta Bizkaiko Artisten Elkartearen kidea da; gainera, azken horren presidentea ere izan da. “Poeta handien ondoan egoteko aukera izan dut, eta asko ikasi dut haiengandik”.

Hamar liburu kaleratu ditu, eta hainbat poesia antologia kolektibotan parte hartu du. Literaturzale amorratua, poeta eta rapsoda ere bada. “Irakurle porrokatua naizenez, nire estiloa garatu dut eta badakit nire lekua zein den. Horri lotuta, bat nator Cervantesen hurrengo iritzi honekin: “Yo, que siempre trabajo y me desvelo / por parecer que tengo de poeta / la gracia que no quiso darme el cielo”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).