KABIA TALDE FEMINISTA ETA LGTBIQ+
Txoko morea izeneko aretoan hain zuzen batu gara Kabiaren gaur egungo arimarekin. Bost ikasle eta bi irakasle dira Kabiaren motorra: Unax Guerrero eta Ainhize Renedo (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailakoak), Libe Barrenetxea, Jon Loroño eta Eider Uriarte (Batxilergoko bigarren mailakoak) eta Irene Lafuente eta Lorena Zorrilla Filosofia irakasleak.
“DBHko hirugarren eta laugarren mailetako eta Batxilergoko lehen mailako ikasle batzuek esan ziguten talde feminista eta LGTBIQ+ sortu nahi zutela eta gune seguru bat behar zutela gai horietaz hitz egiteko. Lekua eman genien, eta euren taldea izango zela adierazi ziguten hasieran. Hala ere, handik gutxira berriro hurbildu ziren gugana eta esan ziguten taldean irakasleok ere parte hartzea nahi zutela. Kabia horrela sortu zen”, azaldu dute irakasleek. “Egia esan, bilera informalak egiten hasi ginen, ez genuelako norabide zehatzik, baina bai gauzak egiteko oso gogo handia. Apurka-apurka ikasleek egin nahi zutena bideratuz joan ginen”.
Ia bederatzi urte igaro dira Kabia osatu zutenetik, eta egitasmoak nahitaezko bilakaera izan du. “Urtero egiten dugu egindako lanaren balorazioa, baita ikasturte-amaieran ere, aztertzeko ondo zer atera den, zer hobetu nahi dugun, zeren falta igartzen dugun… Esate baterako, arrazakeriaren inguruan gauza gehiago egiteko gogoa dugu beti, pentsatzen dugulako esparru horretan gauza gutxi antolatzen ditugula. Bada, bagoaz urtero gauzak txertatuz. Gainera, urterik urte ikasle eta irakasle berriak hurbiltzen dira Kabiara eta ideia berriak ere ekartzen dituzte. Beraz, alde horretatik bizirik dago egitasmoa. Filosofia bat dago Kabian, baina nahiko irekia da”.
Esan dutenez, Kabia sasoian dago eta harrera ona izan du hasieratik. “Institutuan 800 bat ikasle daudela kontuan hartuta, baten batek pentsatu dezake proiektu minoritarioa dela, gutxi garela. Baina, beste alde batetik, kontuan hartzen bada barikuetako atsedenaldian batzen garela, hau da, ikasleen denbora librean, eta konpromisoa eskatzen dela, bada, ez dugu uste hain talde txikia garenik. Gainera, Kabiatik pasatzea zer den ere kontuan izan behar da. Izan ere, Kabiaren arima oso militantea da eta partaideak barikuro batzen dira txoko morean; are gehiago, astean zehar beste zerbait egin behar bada, hori ere gogotsu egiten dute. Nolanahi ere, Kabiatik hurbil dauden beste ikasle eta irakasle batzuk ere badaude, eta txoko morera ahal edo nahi dutenean hurbiltzen dira. Era berean, beste batzuek ekintza zehatzak egiten laguntzen dute, edo ekarpena egiten dute mintegietatik, adibidez, Artekoek edo Historiakoek”.
Inguruan ikusten eta entzuten dutenak kezka sortzen dielako sartu dira Unax, Ainhize, Libe, Jon eta Eider Kabian. “Ikasgelan bertan, patioan… bidezkoak ez diren jarrerak ikusi eta komentarioak entzun ohi ditugu, eta pentsatzen dugu zerbait aldatu behar dela. Jarrera eta komentario matxistak eta homofoboak izaten dira, eta leku segurua behar da emakumeentzat zein LGTBIQ+ pertsonentzat. Baina, leku segurua izatetik harago, segurtasuna ematen dizu ikasle minoritario moduan, ze zerbait gertatuz gero, badakizu atzean babestuko eta defendituko zaituen jendea dagoela, eta hori oso garrantzi- tsua da”. Helburu pedagogikoa ere badu Kabiaren arimak. “Berton ikasitakoa ikasgelara eraman dezakegu, eta lagunei azaltzen diegu euren jarrera edo esanak aproposak zergatik ez diren eta pertsonei mina egin ahal dietela”.
Gogotsu lanean
Besteak beste, institutuan matxismoa eta homofobia desagerrarazteko ekarpena egitea helburua dutela, barikuro biltzen dira txoko morean eta batzuetan Serrano aretoa, areto nagusia, ere erabiltzen dute. Gogotsu dabiltza lanean, euren mezua eta nahia gainerako ikaskideengana ailegatu daitezen. “Hainbat dinamika egiten ditugu. Adibidez, talde txikietan ipintzen gara eta ideiak botatzen ditugu eta haiei buruzko hausnarketa egiten dugu. Bestalde, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu hurrengo data hauei begira: martxoak 8, maiatzak 17 eta azaroak 25; ekainean ere egiten da zerbait, baina Batxilergoko ikasleak ez dira egoten data horretarako. Performancea egiten dugu aipatutako datetan, testu bat irakurri… Musikako ikasleek ere beti prestatzen dute zerbait, eta Artekoek institutu osoa apaintzen dute. Ekintzak atsedenaldian egiten dira, patioan, eta DBHko hirugarren eta laugarren mailakoak eta Batxilergokoak kalera irten ohi direnez, kostatzen da egiten duguna ikusten gelditu daitezela lortzea. Lagunak, ordea, bai etortzen direla ekintzak ikustera. Hala ere, gero eta jende gehiago hurbiltzen da gure ekin- tzetara eta gero eta jarrera hobea dute”.
Ekintzak institutuan bertan egiteko antolatzen dituzten arren, kanpora begirako ekimenen bat ere sustatu dute. Esaterako, Derioko Udalari duela pare bat urte eskatu zioten herriko kale bati Juana Elgezabal izena ipintzeko, herriko kale-izendegian emakume-izena zuen kale bakarra zegoela aztertuta. Elgezabal Derion jaio, baina gaztea zela joan zen Cáceresera eta, beste batzuen artean, umeentzako eskola eta antzoki bat zabaldu zituen han. Udalak, azkenean, plaka bat ipini zuen Elgezabalen omenez institutuaren eta eskolaren arteko jolas-gunean. “Inoiz kalejiran irten gara herritik, eta Txorierriko talde feministetako kideak ez garen arren, antola- tzen dituzten ekintzetara eta tailerretara joaten ahalegintzen gara. Beharrizana ikusten dugunean, prestakuntza jaso- tzen dugu Mankomunitatearekin elkarlanean, eta duela pare bat urte Pamela Palenciano aktorea eta feminista gonbidatu genuen ikasleokin indarkeria matxista hausnartzera”.
Txoko morera eta Kabiara lagun gehiago hurbiltzea gustatuko litzaieke, “baina kontzientziatuta badaude”. Horri lotuta, uste dute kontzientzia sortzea lan zaila dela, batez ere gizarte-sareek duten pisuagatik. “Gaztetxo askok ikusten dituzte sare sozialak, eta horrek oso eragin handia du haiengan, sare sozialen bidez helarazten diren jarrerak eta mezuak nahiko toxikoak eta patriarkalak direlako. Ikasgelan horri buruzko prestakun- tza handiagoa jaso beharko genuke, ze DBHn bakarrik urterik behin edo birritan lantzen da gaia, eta Batxilergoan tailer bakarra egin zen iaz”. Bitartean, lanean jarraituko dute txoko morean, elkarrekiko errespetua institutuko txoko guztietara zabaltzeko eta feminismoaren eta LGTBIQ+ pertsonen alde lan egiteko. “Lanean jarraitu nahi dugu, eta Kabiara jende gehiago hurbildu dadin, batzuek institutua laster utziko dugunez, erreleboa behar delako aurrera jarraitzeko”. Kabiaren arima berritzen jarraitzeko erronka bota dute; erronka nork onartu baino ez da falta, institutua guztientzako leku bihurtzen segitzeko.