Prentsa-oharrean azaldu dutenez, abenduan ezagutzera eman zuten Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publikoa eta Komunitarioa hain zuzen, “eta orain papereko aldarriak kaleko oihu bihurtzeko eguna hurbiltzen ari da”. Azken hilabetetan ‘Behar dugun hezkuntzarako, Independentzia’ dinamikaren baitan ibili dira lanean, ikasleak borroka independentistara hurbiltzeko asmoz. “Izan ere, gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposatuak dira eta haien interesak betetzen dituzte. Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eraikitzeko modua da Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea, eta horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko, Euskal Herriak independentzia behar du”, adierazi dute prentsa-oharrean.
Horri lotuta esan dute hezkuntza propio baten eta independentziaren alde egitea aldarri hutsetik haratago doala eta, horregatik, Euskal Herriak behar duen hezkuntza borrokatzeko mobilizatuko direla ‘Hezkuntza bat Euskal Herrirako’ aldarrikapenean. “Zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat izatea ezinbestekoa da, ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat delako. Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez-segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu. Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da”. Era berean, faxismoaren gorakadaren testuinguruan, borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar duela adierazi dute. “Hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen da: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemaren erreprodukzioa eten egingo duena”.