Gerentzia-talde berriak soinez soin lan egingo du Baserri Antzokia Fundazioarekin, eta paper nabaria emango die bazkideei. “Ekintza gehiago antolatuko ditugu bazkideei begira, eta ekitaldiak antolatzeko erabakitze-prozesuetan parte-hartze handiagoa izan dezatela bultzatuko dugu. Modu horretan, Baserri Antzokira bazkide gehiago hurbiltzea nahi dugu, norbanakoak zein enpresak”, azaldu du Márquezek.
Baserri Antzokia Txorierriko –baita Bizkaiko ere– erreferentziazko gune soziokulturala izatea dute helburu, eta horretarako, aisialdi-eskaintza zabala programatuko dute adin-tarte eta gustu guztietako publikoarentzat, hala nola ikuskizunak, musika-saioak eta umeentzako ekitaldiak. Tardeoa da aspaldi honetan modan ipini den gizarte-ohitura, eta hori ere baliatuko dute asteburuko aisialdi-eskaintza handitzeko. “Era berean, erakusleiho izan nahi dugu eskualdeko ekoizleentzat eta artistentzat. Hau da, lekua eskaini nahi diegu euren produktuak eta talentua jendaurrean erakutsi dezaten”.
Hazia
Euskara da Txorierriko Baserri Antzokiaren hazia, eta euskaraz antolatuko diren ekintzez gainera, ahaleginduko dira euskaraz aritzeko gune erosoa eta lasaia sortzen. “Helburua da astean behin euskara praktikatu nahi dutenak gurean batu daitezela eta edozein gairi buruz patxadaz hitz egiteko lekua izan dezatela. Txorierritarrengan zein beste eskualde batzuetako herritarrengan eta Parke Teknologikoko eta industrialdeetako langileengan berton batzeko ohitura sustraitu nahi dugu, euskaldunen komunitatea are handiagoa izaten laguntzeko ekarpena egiteko”.
Kokapen ezin hobean dago Txorierriko Baserri Antzokia, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean bertan, eta horrek enpresekiko harremana sendotzeko aukera ematen du. “Kokaleku estrategikoa da gurea, eta enpresek Baserri Antzokian badute euren lan-jarduerak non egin, direla koktel-ekitaldiak, sariak banatzeko ekitaldiak edo heziketa-ikastaroak. Bestalde, afterwork kontzeptua ekarri nahi dugu ingurura eguenetan, giro lasai batean, etxera itzuli baino lehen langileak lanetik aldendu ahal izateko eta gurekin tarte atsegina eman dezaten”.
Eraldatzailea
Gerentzia-talde berriak, hortaz, helburu interesgarriak eta eraldatzaileak ditu Baserri Antzokirako, eta helburuei heltzeko, langile trebeak, euskaldunak eta profesionalak dituzte inguruan. “Langileen artean adituak ditugu ekintzak antolatzen, koktelak prestatzen, pintxoak egiten eta bezeroei arreta ematen. Gainera, sukaldeko taldearen buruak 20 urteko baino gehiagoko eskarmentua du, eta maisu gozogile bat ere badugu”.
Sukaldaritza-taldeko trebeziari eta esperientziari gehitu behar zaie zero kilometroko eta tokiko produktuen alde egindako apustu irmoa eta kontzientea. “Kalitateko proposamen gastronomikoa egiten dugu Baserri Antzokian, eta lehentasuntzat dugu eskualdeko eta inguruko ekoizleekin lan egitea. Ortuariak eta txakolina, adibidez, ditugu gure gertuko produktuen artean”. Produktu horiek dastatu ahal ditugu era anitzetan: egunero barrarako prestatzen diren pintxoetan, menuetan edo mokaduetan. Izan ere, asteko egun guztietan gastronomia-eskaintza zabala dugu Baserri Antzokian. Astelehenetik barikura eskaintzen dituzte gosariak, eguneko menua, menu exekutiboa eta karta; eta asteburuetan, asteburuko menua eta karta. Halaber, afaltzeko aukera dago bariku eta zapatu gauean, mokaduen kartan hainbat aukera goxo eta berritzaile daudela. Aire freskoa dabil Baserri Antzokian, beraz, eta egitasmoa erreferente bihurtzeko etorri da.