Hainbat arlotan moldatzen den zine-zuzendaria zara. Apur bat “orkestra-gizona” izan behar da?
Ez dakit izan behar den, baina gu bagara. Nire lana da irudiaren eta soinuaren bidez diskurtso edo mezu bat sortzea, baina nondik gatozen kontuan hartuta –gaztetxeen mundutik–, guztion artean egiten dugu dena eta lan guztietan sartzen dugu eskua: kamerarekin moldatzen gara, soinuarekin, ordenadorearekin… Nolanahi ere ez da erabaki kontzientea izan.
Eta hori?
Gure ibilbidea ez da ortodoxoa izan. Hau da, gure burua bat-batean topatu dugu dinamika batean, eta derrepentean argazkiak egin ditugu, eta gero, bideoak, eta orain fikziozko gauzak prestatzen gabiltza… Zaila da esatea zer eta nola egiten dugun. Gu ez gatoz eskola batetik, non gauzak zelan egin behar ditugun esan diguten; gu saiatuz joan gara: orain hau, eta gero, beste hau.
Autodidaktak zarete, hortaz.
Gure kabuz ikasi dugu; YouTube eta tutorialen belaunaldikoak gara (kar-kar). Ni, esaterako, Arte Ederrak ikasten hasi nintzen, baina ez nuen karrera bukatu, eta bakarrik zine-ikasgai bat izan nuen. Horrez gain, ez naiz inongo zine-eskolan egon. Lanean ikasi dut, filmatzean bertan zein gurekin lan egin duten gazteengandik, haiek bai ibili direlako zine-eskoletan: filmatzea zelan egituratu, rolak zelan banatu… Bueno, ez pentsa, gazteek ere gugandik ikasi dute. Oso harro gaude, praktiketan izan ditugun ikasleak oso onak irten direlako eta guk baino lan hobeak egiten dituztelako.
Zer da Arriguri?
Gauzak aurrera ateratzeko dudan lagun-taldea. Hiru lagun gara gaur egun, baina inguruan beste hiruzpalau lagun ditugu, bazkide kooperatibistak izan ez arren, partaideak ere badirenak. Ikus-entzunezko munduan gabiltza orain, baina bere garaian kamisetak egin genituen, edo beste arlo batzuetan ibili ginen. Dena izan da esperimentazioa, eta orain hemen gaude. Ikus-entzunezkoen munduan 10 urte daramatzagu, sakon-sakon sartuta, espezializatzen eta mundu heterodoxotik mundu ortodoxoan gure lekua topatzen saiatzen.
Batez ere euskal musika-taldeentzat bideoklipak egiteagatik zarete ezagunak. Esan daiteke euskal eszena aldatu duzuela, edo, behintzat, aldatzen lagundu duzuela.
Bueno, guk ez dugu ezer asmatu; kopiatu dugu, esate baterako, Bartzelonan ikusi duguna edo Estatu Batuetatik etorri dena. Gauza da, guretzat, bideoklip bat egitea zinea egitea dela, eta, ondorioz, hurrengo ideia honetatik harago joaten ahalegintzen gara: bideoklip batean musikariek abesten dute eta kito. Gure bideoklipetan musikariek abestu behar badute, abesten dute, baina ez edozein modutan, edo ikuspuntu narratibotik kamera egoteko lekurik onena zein den erabakitzen dugu, edo planteamendua zein izan behar den, edo analogikora eramaten dugu…
Bideoklipak analogikoan grabatzea hain zuzen da zuen bereizgarria. Bitxia da mundu digital honetan…
Ahal dela, eta egitasmoak berak onar-tzen badu –izan ere, zer kontatu nahi den arabera, gertatu daiteke zerbait digitalean egiteak balio handiagoa izatea–, analogikoan egiten dugu lan. Guapoago gelditzen da. Baina alde estetikoaz gainera, beste abantaila batzuk ere baditu. Adibide bat ipintzearren, postprodukzioa errazten du, material gutxiago eta askoz bideratuagoa dagoelako. Hau da, analogikoan grabatzen duzunean, ziur asko, digitalean onartuko ez zenituzkeen planoak onartzen dituzu. Gainera, guri ez zaigu ordenadore aurrean ordu gehiegi ematea gustatzen… Dena den, trabak ere baditu analogikoak: dirua galtzen da beti, pelikula apurtu daiteke, zailagoa da enfokatzea, lan-prozesua geldoagoa da…
Egindako bideoklipetatik zein izan da mugarri, zure ustez?
Gure musika-taldeentzat egindako lanak, ze musika-munduan ere ibiliak gara. Horiek ikusita, inguruko taldeak hasi ziren gurekin lan egiteko interesa azaltzen. Sara Zozayarekin egindako Bat lana oso polita izan zen, eta Nizuri Tazuneri taldearekin egindako HikataZuka lanak ere oso erantzun ona izan zuen. Gero beste batzuk etorri dira: Amoranterekin Habanera, Merina Grisekin Almar… Baina benetan harro egoteko modukoa da La M.O.D.A.rekin egindako lana Nuevo cancionero burgalés diskorako. Bideoklip bat egin genuen abesti bakoitzerako, eta neke handia hartu genuen arren –baita dirua galdu ere–, blokean ikusita, harro sentitzeko modukoa da, akatsak eta inkoherentziak alde batera utzita. A! Antonio Orozcorekin ere lanean gabiltza.
Bideoklipen gorakada egon da azken urteetan. Badirudi abestiak bideoklipek lagunduta aurkeztea derrigorrezkoa dela…
Baina hori da erosi dugun dinamika, eta ez da benetakoa: kanta on batek bere bidea egingo du beti.
Baduzue eskaera askorik?
Jo eta ke gabiltza lanean, baina gero ez da poltsikoan igartzen. Prekarizazio handia dago gure ogibidean, eta nire ustez, gatozen mundu horrekin zerikusia du. Gauzak auzolanean egiteko ohitura dugu, eta musika Euskal Herrian oso gertu egon da mugimendu sozialetatik. Bere garaian onura asko izan zituen, baina orain beste ikuspuntu batetik heldu beharko genioke gaiari, militante izateaz gainera, jan ere egin behar delako, eta atsedena hartu, eta familiarekin egon. Nolanahi ere, aipatu beharra dago musika-talde asko ere hasi direla gai hau hausnartzen. Beste alde batetik, esanak esan, gu ez gara adibiderik onena…
Zergatik?
Bada, 2.000 euro ematen badizkigute, 3.000 euro gastatzen ditugulako; eta 25.000 euro badira, 40.000 euro (kar-kar). Urtero egiten dugu urte-hasierako batzarra, eta urtero «garitoa» ixteko moduan gauden ondorioa ateratzen dugu. Baina gero esaten dugu, “zer, beste urte batean saiatuko gara?”, ze, egia esan, oso ondo pasatzen dugu. Bueno, gu arlo horretan txarrak gara, baina egon da serioak izan diren beste enpresa edo talde batzuk, eta azkenean itxi behar izan dute. Hau ogibidetzat dugu % 100ean, eta gerta daiteke hilabete bat edo bi kobratu barik egotea… Ondo hausnartu beharko genuke kontu hau.
Zelango da zuen lan egiteko modua?
Apur bat toxikoa eta kaltegarria (kar-kar). Bideoklipa egiteko orduan, jakina, oso garrantzitsuak dira taldearen ikuspuntua eta kontatzen dena abestiarekin koherentea izatea, baina guk beti pentsatzen dugu guri zer interesatzen zaigun, zelango berrikuntza egin ahal dugun… Orduan, dirua irabazteko zerbait polita egin beharrean, hasten gara pentsatzen, adibidea ipintzearren, kamera telebista batean sartu ahal dugula eta grabatu… Ez dakit; jendeak bideoklipa nahi du, baina ni apur bat aspertuta nago bideoklipak egiteaz…
Zerk motibatzen zaitu?
Ohiko bideoklipa ez izateak. Hau da, esperimentatzeak eta gure bidean beste pauso bat egiteak. Egia esan, bideoklipak egiteko proposamen askori ezetz esaten gabiltza, arlo horretatik apur bat aldendu nahi dugulako.
Izan ere, dokumentalak eta publizitate-kanpainak ere egiten dituzte.
Adibidez, Zeru ahoak telesailaren making of-a egin dugu, eta orain dokumental bat egiten gabiltza La M.O.D.A.rentzat. Bira egiten dabiltza herri txikietatik, hustutako Espainiatik, eta oso interesgarria da. Publizitate-kanpainei dagokienez, Durangoko Azokako azkena, esaterako, geuk egin dugu. Kasu honetan ere, iruditegi berria sartzen ahalegintzen gara, eta iragarkia egin behar bada, iragarki-itxura ez izatea bilatzen dugu. Bestalde, fikzioa ere lantzen dugu eta baditugu film labur batzuk eginda, baita hainbat ideia ere. Zentzu horretan, nabaritu dugu aspaldi honetan lana paperari gero eta lotuago dagoela: ideiak idatziz aurkeztu behar ditugu, diru-laguntzak eskatu…
Lanaz ibili gara, baina ez dizugu galdetu ikus-entzunezko mundura zelan ailegatu zinen.
Buruan argi-argi dut zortzi urterekin Terminator 2 pelikula ikusi nuela eta izugarri gustatu zitzaidala. Matrix ikusi nuenean ere itzela izan zen, eta, bestalde, beti izan naiz Son Gokuren zale amorratua. Gero, unibertsitatean, asko erakarri ninduten zine-irakasleak irakasgaia azaltzen zuen moduak eta grinak, eta lau urte jarraian joan nintzen bere eskola-saiora, nahiz eta matrikulatuta ez egon. Esan daiteke berarengandik naizela zine-zuzendaria.
Zure asmoak Arrigurirenak dira?
Bada, lanak aurrera atera behar baditut eta Arrigurin banago, Arrigurirekin aterako ditut; bestela, beste leku batean aterako ditut.