Zelan daramazue kioskoa itxi izana? Zelan bizi izaten zabiltzate itxiera osteko egunak?
Bueno, ahal dugun moduan daramagu. Egoera berrira moldatzen gabiltza. Izan ere, ez da izan aurretiaz espero genuen gauza bat; adibidez, erretiroa. Hortaz, gure lekua topatzen gabiltza pixkanaka-pixkanaka.
Zergatik erabaki zenuten kioskoa ixtea?
Gero eta egunkari eta aldizkari gutxiago erosten dira. Kioskoan kromoak eta bildumak ere saltzen genituen, baina horiek beste leku batzuetan ere badaude salgai, eta azkenean nabaritzen da. Ezbehar inportante bat izan genuen, eta aukerarik onena kioskoa ixtea zela erabaki genuen.
Zenbat urte eman dituzue kioskoan?
Aurtengo urtarrilean 19 urte bete ziren.
Familiako negozioa da, zein da bere historia?
Kioskoa 60ko hamarkadakoa da. Hasieran, aitaren osaba batek izan zuen, eta gero aititek hartu zuen 10 urtez. Ondoren, aitak izan zuen kioskoaren ardura eta bertan 30 urte eman zituen. Guk ez dugu jatorrizko kioskoa ezagutu, baina kontatu digute hasieran errepidearen beste aldean zegoela. Antza denez, kamioi batek bere kontra egin zuen eta eraitsi zuen. Orduan, errepidearen alde honetara ekarri zuten.
Zein izan da zuen egunerokotasuna kioskoan?
Kioskoa astelehenetik domekara zabal- tzen genuen. Goizez, 04:45etik 14:00etara irekitzen genuen, eta tokatzen zitzaionak egunkariak eta aldizkariak ipini behar zituen euren lekuan, aurreko hilabeteko aldizkariak batu eta itzultzeak egin… Arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara zabaltzen genuen kioskoa, eta txandaka egiten genuen lan. Edozelan ere, batzuetan gutariko bat egotea nahikoa zen kioskoaz arduratzeko.
Zerk bereiztu zaituzte urte hauetan? Zeintzuk izan dira zuen zerbitzuen bereizgarriak?
Egunkariak prestatu, eta bezero ziren tabernetara eramaten genituen. Era berean, pertsona nagusiak ezin baziren kioskoraino hurbildu, bada, etxera eramaten genizkien egunkariak eta aldizkariak. Pandemia-garaian ere etxez etxeko banaketa egiten genuen. Beste alde batetik, bezeroek bilduma bat egin nahi bazuten edo bilduma bateko aleren bat falta bazitzaien, eskatzen genion enpresa-banatzaileari.
Baduzue anekdotarik?
Bitxia iruditzen zaigu hurrengo anekdota hau, gertatu zenean beste garai batean geundela pentsatu zitekeelako. Gobernuan zegoela, Zapaterok haur-txekea atera zuen, eta El jueves aldizkariaren azalean Espainiako gaur egungo errege-erreginak atera zituzten sexu-harremanak izaten. Zarzuela nahiko arduratuta ibili zen gaiarekin, eta azkenean, egun batean, ertzainak azaldu ziren kioskoan aleak konfiskatzera. Gauza da guk ale guztiak salduta genituela (kar-kar). Bada, telebistan-eta hain zalaparta handia sortu zen, ezen jende askok erosi baitzuen aldizkariaren ale bat. Ohi baino ale gehiago saldu ziren.
Noiz edo zer dela-eta saltzen ziren aldizkari eta egunkari gehien?
Famatuen ezkontzak zeudenean, esate baterako, prentsa arrosako aldizkari asko saltzen ziren. Belen Esteban edo Terelu Campos agertzen zirenean ere saltzen zen asko. Gero, jakina, Athleticen emai-tzak… Errege kopa irabazi zutenean, egunkari asko saldu genituen. Jakina, 40 urte ondoren, itzela izan zen!
Zer gustatzen zitzaizuen gehien?
Jendearekin egotea.
Eta zeren falta sumatzen duzue?
Bada, jendearekin egotearena hain zuzen. Egunerokotasuna.
Zelango asmoak dituzue etorkizunari begira?
Lehengo eta behin, gurasoak zainduko ditugu eta atsedena ere hartuko dugu. Gero gerokoak!