DERIOKO JAIAK

Iazko jai-eredu arrakastatsua sendotu nahian

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 6a, 13:07

DERIOKO JAIAK

Formatu berria izan zuten iaz San Isidro jaiek, eta aurten ere eskema berberari jarraituko diote. Horrela, derioztarrek eta bisitariek bi asteburutan gozatu ahalko dute jai-egitarau oparo eta zabal batez. Zehetasunak Eider Lago Jaiak eta Gazteria saileko zinegotziak eman ditu ezagutzera. 

Azaldu moduan, maiatzaren 10eko eta 11ko asteburua herriko elkarteentzat izango da, eta hilaren 15etik 18ra bitartean jaietako ekintza nagusiak egingo dira. “Iaz, herritarrek oso ondo hartu zuten formatu hau. Parte-hartze handia izan zen, eta jasotako iritziak, oso baikorrak. Horregatik, aurten berriro errepikatzea erabaki dugu, arrakastatsua izan den eredua sendotzeko asmoz”. Zinegotziak aipatu duenez, egitaraua prestatzeko, jai-batzordeak harreman zuzena izan du herriko hainbat elkarterekin. “Haien parte-hartzea baieztatu, eta gogoz hartu dute berriz ere jaiak antolatzeko aukera izatea. Horrek bultzatu gaitu aurrera egitera, iazko jai-formatu arrakastatsua oinarri hartuta. Herritarren eta elkarteen ekarpenak funtsezkoak dira, Derioko jaiak bizi-biziak izan daitezen”.

Lagoren esanetan, herriko jai guztiak une paregabeak dira komunitatea indartzeko eta herritarren arteko harremanak sendotzeko. “Eta sanisidroak ez dira salbuespena. Helburua da jai-giroan guztiok disfrutatzea eta egun zoragarri batzuk igarotzea; hau da, ekintzetan parte-hartze handia egotea, egun hauetan jendeak ondo pasatzea eta antolatutako ekin- tzekin disfrutatzea”. Hortaz, ekintzak antolatzeko orduan, kontuan hartu dira herritarren aniztasuna eta jai-egitarauaren baitan adin-tarte guztientzako ekin-tzak egotea. “Programazio orekatua eta inklusiboa osatzen ahalegindu gara, haur zein gazte eta helduek gozatu dezaten. Aurreko urteetako esperientzia, herritarren ekarpenak eta elkarteekin izandako elkarrizketak ere baliagarriak izan dira egitaraua osatzeko; haien parte-hartze aktiboa eskertu nahi diegu”.

Elkarteak

Elkarteen ekintzak goiz-goiz hasiko dira maiatzaren 10ean. Frontenis txapelketa egingo da, eta herri-azoka atonduko da kantxa estalietan. Bertan izango dira herriko elkarte eta taldeen erakusketak, tailerrak, artisau-azoka eta taloa, Hiruga folklore-taldearen musikak girotuta. Azokan hauek ipiniko dute stand informatiboa: Emaús, AMPA Txiki, Gure Señeak, Haszten elkartea, Euskaraldiko batzordea eta Marikobaso Espazioa. Gainera, Marrazten taldeko kideek aurkeztuko dituzte taldearen historia grafiko laburra, marrazki pertsonalak eta San Isidroren historiari buruzko hurbilpen marraztua. Era berean, Derioko euskararen erabilerari lotutako erakusketa egingo du Marikobaso Espazioak, eta Haszten elkarteak gurpildun aulkien zirkuitua atonduko du. DATeko kideak eguneko argazkiak ateratzen ibiliko dira, eta Tximintx komunitateak taloak egingo ditu. Horrezaz gainera, 22 postu inguru atonduko dira Derioko eta inguruko artisau eta eskulangileen azokan. Arratsaldean, Kukudantza, Piperdun eta Lainomendi dantza-taldeak kalejiran irtengo dira San Isidro elizatik, eta pintxo-potea egongo da herriko tabernetan.

Hurrengo egunean, kirol-azoka izango da kiroldegiko pistan, eta bertan hainbat joko eta ikastaro egingo dira hauen eskutik: Pozgarri, Miragarri, CD Derio, Txorierri Basketland SK, Doyan eta Derio Kick Boxing. Eguna biribiltzeko, euskal dantzen agerraldia egingo du Lainomendik arratsaldean. Maiatzaren 15ean San Isidro da, eta aurten ere egitarau zabala antolatu da egun horretarako. Goizean, umeentzako tailerrak, puzgarriak eta jolasak egongo dira, baita marrazki lehiaketa ere. Arratsaldean, disko-festa eta Dúo Boleros taldearen kontzertua izango dira, eta jai-batzordeak poteoa egingo du herriko kaleetan zehar.

Maiatzaren 16an, hasiko da jaietako bigarren asteburua. Arratsaldean, Marabiyak Sound Systemek kalejira girotuko du Kultur Birikatik herriko plazara, eta bertan pregoia botako da. Aurten, Txepetxa AEK euskaltegia omenduko dute. Ondoren, txitxiburduntzia egongo da: Gure Señeak elkarteak prestatuko du, eta Sutondoan elkarteak banatu. Marabiyak Sound Systemek lagunduta, ibilbidea egingo da txosnaguneraino. Gauean, agertokira igoko dira Mixerabliak, Leihotikan, Bengo eta Dj Hmndk Etxera. 

Gozatzeko gunea

Xaibor umeentzako disko-festa zapatuko lehen hitzordua izango da Sollube kalean. Aurreko urtean moduan, herri-bazkariaren formatua apur bat aldatu da eta paella-txapelketa antolatu dute. Izena ematea 12:00etatik 14:00etara egin beharko da jai-batzordearen txosnan, eta paellak 14:00etatik 14:30era bitartean aurkeztu. Herri-bazkaria 15:00etan izango da, eta txapelketan parte hartzen ez dutenek ere euren bazkaria eramateko aukera izango dute. Aulkiak eta mahaiak erreserbatzeko txartelak (2 euro) Sugoi Bayron eta Adarve tabernetan ipiniko dira salgai maiatzaren 2tik 11ra. Bazkalostean, Odei Fernandezek egingo du bakarrizketa, eta ondoren, paella-txapelketaren sariak banatuko dira. Irabazleak 150 euro eta bi botila txakolin jasoko ditu saritzat; bigarrenak, 100 euro eta bi botila txakolin; eta hirugarrenak, 50 euro eta bi botila txakolin. Arratsaldean kuadrilla-txapelketa egongo da, eta Ipar Alde abesbatzak udaberriko kontzertua egingo du elizan. Bestalde, 19:30etik 21:00era musika-guneak atonduko dira Pakearen enparantzan, Urkiola aparkalekuan, Sollube kalean eta Besaide plazan. Gauean, oholtza gainean izango dira Marmie Takon derioztarraren drag showa, Lehian erromeria-taldea eta Dj Victor Kordoba.

Domeka goizean, XXVII. Elikagai eta Eskulangintza Azoka egongo da Kultur Birikaren eta Uribe parkearen inguruan, eta arratsaldean “Erremontari herriz herri” jaialdia izango da frontoian. Piperdun eta Kukudantza dantza-taldeek erakustaldia egingo dute txosnaguneko oholtzan, eta, jaiei agur esateko, txokolatada egongo da San Migel jai-batzordearen eskutik. Lagoren hitzetan, jai-egitarau osoa pentsatuta dago herritar guztiek beren tokia izan dezaten eta jaiak guztiontzat gozagarri izan daitezen. “Musikaz, kirolaz, umeentzako jarduerez eta tradiziozko ekintzez osatutako egitaraua prestatu dugu, eta guztiak dira interesgarriak. Azken batean, jaiak elkartu, partekatu eta gozatzeko uneak dira, eta helburua hauxe da: guztien gustuko zerbait egotea”.

Iaz moduan, jai-esparru nagusia kantxa estalietan atonduko da, frontoiaren ondoan. “Bertan egongo dira txoanagunea, agertokia eta jarduera nagusiak, guztiak gune berean biltzen dituen eremu atsegin eta seguru batean. Gainera, kantxetako alboko aldea estaltzeko lanak egiten gabiltza eta jaietarako egongo dira amaituta. Horri esker, euriak ez du eraginik izango eta asko hobetuko dira lekuaren erabilgarritasuna eta erosotasuna. Hortaz, eguraldi txarra egonda ere, jaiak normaltasunez ospatu ahalko dira”.

Guztientzako jaiak

Derioko Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokolo instituzional berria bultzatu du hainbat arlotako eragileekin lankidetzan. Protokoloa jaietan ere izango da indarrean. “Helburua da emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboko per- tsonen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzun koordinatua, azkarra eta eraginkorra ematea. Eraso matxistarik jasanez gero, herritarrak Udaltzaingoarekin edo jaietako antolakuntzarekin ipini daitezke harremanetan, beharrezko laguntza eta babesa jasotzeko”. Bestalde, eta aurreko urteetan moduan, autobus-zerbitzua eskainiko da etxera itzultzeko. “Herritarrek oso harrera ona egin diote zerbitzuari, eta funtsezko baliabidetzat jotzen dugu segurtasunari eta irisgarritasunari begira. Autobusa auzoz auzo ibiliko da gau osoan. Udalaren kanal ofizialen bidez emango dugu zerbitzuaren inguruko informazio zehatza”.

Lagok azpimarratu duenez, San Isidro jaiak dira elkarrekin gozatzeko, barre egiteko eta oroitzapen politak sortzeko. “Guztion artean sortu nahi dugu jai-giro alaia eta errespetuzkoa, eta horretarako, ezinbestekoa da guztion jarrera arduratsua eta inklusiboa. Argi daukagu: ez dugu erasorik onartuko, ezta portaera desegokirik ere. Jaiak guztiontzat dira, eta guztion ongizatea eta segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna”.