“Jendeari kichwaz hitz egiten eta bizitzen irakatsi nahi diogu”

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 30a, 10:30

Maiatzean, eta Garabide elkarteak Kichwakamak Sisariy elkartearekin duen proiektuaren baitan, Ekuadorreko 10 kichwa aktibista izan dira Euskal Herrian, euren hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruzko formazioa egiteko. Bisitatu dituzten egitasmoen artean Derioko Marikobaso Espazioa egon da, eta bertan, hain zuzen, izan dugu haiekin solasaldian ibiltzeko aukera. Melissa Túquerres gizarte-komunikatzaileak kontatu digu kichwaren egoera zein den eta hura biziberritzeko zein proiektu ipini dituzten martxan. 

"Bidaiaren helburua da Euskal Herrian euskara biziberritzeko martxan ipinitako esperientziak ezagutzea eta horiek gure errealitatera egokitzea. Zuek ibilbide luzea egin duzue hizkuntza-biziberritzean, eta gu, aldiz, hasiberriak gara. Hortaz, guretzat oso baliagarria da zuen esperientziak ezagutzea, funtzionatu dutenak zein funtzionatu ez dutenak, eta kichwaren errealitatean ezarri ahal izatea”. Izan ere, euren hizkuntza desagertzeko zorian dago. “Ekuadorreko indigenak populazioaren % 7,7 ziren 2022an, eta haietatik bakarrik % 3,9k hitz egiten zuten hizkuntza indigenetako bat”. Azaldu digunez, gazteek ez dute kichwaz hitz egiten, eta hori bi arrazoi nagusirengatik da. Alde batetik, ez da familiako transmisiorik egon. “Kolonizazioak nahiko atzerapen handia utzi digu, eta gure lurraldean diskriminazio eta arrazismo handiak ere egon dira. Horrek hizkuntza galtzea ekarri du. Adibidez, nire etxean, aititek alabei debekatu zien kichwaz hitz egitea, berak arbuioa eta diskriminazioa jasan zituelako eta ez zuelako alabek ere jasatea nahi. Amak ere ez zigun kichwa irakatsi, ez nire ahizpei, ez niri, eta ondorioz, gaztelaniaz egiten zen testuinguru batean hazi ginen. Kontatutakoa etxe gehienetan gertatu da”.

Beste aldetik, Ekuadorreko Konstituzioan kichwa kulturarteko harremanetarako hizkuntza ofizial moduan jaso duten arren, egunerokotasunean ez da erabiltzen. “Kulturarteko hezkuntza elebidunaren baitan, esate baterako, kichwaz egiten ez duten irakasleak kontratatzen dira. Beraz, kulturarteko eskoletan kichwa hutsean egin behar den ideia alboratzen da, eta kichwa-eskolak ematen dira, besterik ez. Gainera, bakarrik erakunde publikoen % 2,5ek ematen dute arreta kichwaz, eta ez dago kichwa edo beste hizkuntza indigena bat irakasteko programa instituzionalizaturik; kanpoko hizkuntzei lehentasun handiagoa ematen zaie”. Túquerresek 17 urte zituela ikasi zuen kichwa. “Osabak gazte-gaztetatik lan egin du hizkuntza biziberritzeko prozesuetan, eta askotan lagundu diot eta ikusi dut beste herri batzuetako hizkuntzalariekin elkarlanean ibiltzen zela. Garabideren eskutik egin zen hizkuntza biziberritzeko lehen ikastaroan parte hartzera gonbidatu ninduen, eta gure hizkuntza berreskuratzea eta baloratzea zein inportantea den konturatu nintzen. Gizarte-komunikatzailea naizen arren, hizkuntza irakasteko proiektuan sartu nintzen. AEKrekin lan egin dugu lehen ikastunitatea sortzeko, eta komunikazio-ikuspegia zehazten ere lagundu digute”.

Sisaryi elkartearen baitan, Ekuadorreko mendilerroan, Andeetan, kichwa-eskolen sarea osatzea dute amets. “Ikastaroei esker proiektu bideragarria izatea nahi dugu, baina ez dugu ikastaro garestiak izatea nahi, interesdunak gogogabetu litezke eta. Ekuadorren badago kichwa ikasi nahi duten pertsonen-kopuru handia, eta horrek aukera emango digu materiala sortzen jarraitzeko eta bideragarriak izateko. Baina, hala ere, hurrengo hau ere ekarri lezake: titulua ematen duen erakunde hutsa bihurtzea. Gaur egun, erakunde askotan titulua eskatzen da bertan lan egiteko, baina gero ez da lanpostuetan erabiltzen. Guk ez dugu hori nahi: guk jendeari kichwaz hitz egiten eta bizitzen irakatsi nahi diogu”. Hizkuntza irakasteaz gainera, ezinbestekotzat jotzen dute euren kultura irakastea eta helaraztea. “Kultura ere galduz joan gara: jantziak, ohiturak, dantzak, musika, arbasoen jakinduria… Horregatik, gurekin partekatu den komunikazio-ikuspegia oso garrantzitsua da, hizkuntza testuinguruan jartzea ahalbidetzen digulako, lurraldeetara zabaldu, eta kultura ere baloratu dezaten. Hizkuntza eta kultura eskutik helduta joan behar dira; bestela, zentzurik gabeko borrokak izango lirateke”. Elkartearen beste helburu bat da helduen irakaskuntzak ez ezik, gainerako proiektu guztiek ere ospea izatea Imbaburako probintzian zein Ekuador osoan. “Baita gure kichwa indartzea ere, Ekuadorreko 13 hizkuntzentzat erreferentea izan dadin”.

Konpromisoa

Euskal Herrian emandako egunetan bisitatu dituzte, besteak beste, AEK, Bizkaiko Foru Aldundia, Gernikako Batzar Nagusiak, Eusko Jaurlaritza eta zenbait ikastola. “Gehienbat jendearen konpromisoak eman digu arreta: euskaraz hitz egiten ez dutenak ere euskaraz egitearen alde daude, eta hori ez da Ekuadorren gerta- tzen. Era berean, diru-ekarpena egiten dute egitasmoek aurrera egin dezaten. Ekuadorren, berriz, beharbada testuinguru sozioekonomikoagatik, oso zaila da diru-ekarpenak lortzea eta boluntarioekin lan egitea. Gainera, ikusi dugu euskal erakunde publikoek euskara dirulaguntzen edo beste laguntza-mota batzuen bidez sustatzen dutela. Zuen esperientziek bultzatzen gaituzte hausnarketa egitera eta gure egitasmoen baitan zer ezarri ahal dugun pentsatzera”.

Túquerresen esanetan, Imbaburako Prefekturak euren egitasmoarekiko interesa adierazi du, eta dagoeneko kichwa-eskolen lehen pilotatzea dute erakunde horretan eginda. “Helburua ikasmateriala probatzea izan zen, eta hiruzpalau egunean ikasi zuten kichwaz agurtzen, euren burua aurkezten eta non lan egiten duten. Pozgarria izan da, materialak funtzionatzen duela ikusi dugulako. Horri lotuta, aipatu beharra dago gaur egun 10 kichwa-irakasle ditugula, eta, hortaz, lagun gehiago trebatu behar ditugu materiala sortu eta metodologia hau erabilita hizkuntza irakatsi dezaten. Bestalde, hitzarmena dugu Imbaburako Prefekturarekin, bere egitasmoetan kichwa ere egoteko, eta itzulpen- eta interpretazio-proiektuak ere aurrera doaz”. Azkenik, Túquerresek esan digu ezagututako esperientzia guztiak oso motibagarriak direla aurrera jarraitzeko. “Irmotasunez eta borondatez jarraitu daiteke lanean”.