Arimarako dokumentalak

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 10a, 09:00

Al borde films l Erandiogoikoko ekoiztetxea

Ana Sernak eta Paula Iglesiasek “Al borde films” ekoiztetxe kooperatiboa sortu zuten 2015. urtean, Erandio Goi­koan. Proiektuz eta etengabeko ikaskuntzaz betetako zu­rrunbilo batean murgilduta ibili dira urte bi hauetan, eta orain aldaketa-momentuan harrapatu ditugu. “Gelditu, berrikusi eta eraikitzeko unea da”.

“Al borde films” ekoiztetxea Anak eta Paulak duela urte batzuk Kanarietara egindako bidaian hasi zen. Hara migrazio emozionalei buruzko lan bat egitera joan ziren. “Argi genuen dokumentalak egin na­hi genituela, eta, proiektuak mugitzeko orduan, babes legala edukitzeko be­harra ikusi genuen. Koo­peratiba aukeratu genuen era juridikotzat, ekonomia sozialaren barruan egon nahi genuelako”.

Euren esanetan, dokumentalak is­torioak era hurbil batean kontatzeko au­kera ematen die, era introspektiboago ba­tean, eta askatasuna, adierazteko eta komunikatzeko orduan. Nola­nahi ere, dokumentalez gainera, denetariko lanak egiten dituzte, hala nola publizitate arlokoak, korporatiboak eta zineari lotutakoak. “Jaten ematen diguna arimarako diren lanekin uztartzen dugu, eta ba­tzuetan ari­marako ere diren lan korporatiboak egi­teko zortea daukagu”.

Dokumental bat egiteko orduan, presarik ez edukitzea ezinbestekoa dela azaldu digute, eta ga­koa ideia hozten ez uztean dagoela. “Osterantzean, lana bertan behera uzten duzulako. Orain, adibidez, oso dokumental ederra egiten gabiltza Zestoan, Euskal Herrian daukagun denbora-kontzeptuari buruz. Eta gelditzen bagara, apur bat hil egingo da. Izan ere, jendeak bere gauzekin jarraitzen du eta lanari arreta emateari uzten badiogu, zailagoa izango da hari berriro ekitea”. Egileen eta dokumentalaren protagonisten artean sortzen den lotura emozionala ere azpimarratu dute. “Fikzioa denean, filmatzea denbora-tarte zehatz batean egiten da, baina dokumental bat egiteko, urte bat, urte bi edo hiru urte eman ahal dituzu. Ondorioz, oso harreman estua sortzen da bertan parte hartzen duen jendearekin. Oso esperientzia bizia da”.

Dokumentalak egiteak badauka alde ona, pertsona bakar batek ere egin ditzake. Horrela, bada, Ana eta Paula ederto moldatzen dira elkarrekin lan egiten: ba­ta kamerarekin, eta bestea soinuarekin; biak gidoiarekin eta zuzendaritzarekin. Baina lanaren gainontzeko fase guztiei ere heldu behar diete, eta badaude egoerak haiek bakarrik heldu ezin dietenak. Kasu horietan adituen laguntza behar du­te. Ondo­rioz, finantzazio bila ibili behar dute. “Ekoiztetxe gazteontzat zaila da diru-laguntza publikoak lortzea, ho­riek ibilbide luzea daukatenei daudelako zu­zen­duta. Bidegabea da, Estatu mailan Almo­dovarren ekoiztetxearekin sartu ahal zarelako lehian. Guk orain arte egindako guztia guk geuk ekoiztu dugu beste lan batzuei esker. Hala ere, egia da sortzaile gazteei zuzendutako diru-laguntzak egon badaudela, baina banaka ba­tzuk baino ez dira. Finantzazio pribatua lortzen ikasi behar dugu, beraz”.

 

Gogotsu

“Al borde films” ekoiztetxea gizarte-ekimeneko kooperatiba da. “REAS sarearen barruan gaude. Hori ekonomia alternatiboa eta solidarioaren sarea da, eta bat egiten dugu euren filosofiarekin. Gaine­ra, sareko beste entitateen laguntza jasotzen dugu eta sinergiak sortu dira gu­re artean. Adibidez, entitate horietako ba­tzuen kanpainak sustatzeko lanetan har­tu dugu parte. Askatasuna daukagu sortzeko orduan eta gaiak gizarte arlokoak izaten dira. Pozik, horregatik”. Edozein sal­tsatan sartzen dira, baina aitortu digute jorratzea gehien gustatzen zaizkien gaiak abstraktoak direla. Gai abstraktoak, egunerokotasunean isla dutenak.

Proiektu piloa daukate hasita eta epe ertainera horiek bukatzea hartu dute helburutzat. Proiektuen artean, bi azpimarratu dituzte El aleteo de la mariposa eta Erlojua eta kukua. Era berean, REAS sarearen “La mar viene re­vuelta” kanpaina osatzen duten lau bi­deoetatik lehena aurkeztu berri dute. In­terneten dauden plataforma webei esker, euren lanak bidali ahal dituzte hainbat festibaletara eta dagoeneko Bartzelona eta Kanarietako festibalean, eta Zinemaldian izan dira.

Azken urte bietako balantzea egin du­te eta oso zaila izan dela aitortu digute, baina hala eta guztiz ere pozik eta gogotsu dabiltzala. Eta oso zorrotzak di­rela. “Xehetasunak erabat zaintzen ditugu eta oso gutxitan gaude % 100ean ados egin dugunarekin… Beno, hori da gu­re egiteko era, gero, emaitzetan isla duena”.

Hasieran aipatu moduan, ekoiztetxea berrasmatzeko momentuan daude Ana eta Paula. “Enpresa sortzen duzunean, zu­rea baino ez dakizu egiten eta gauza pilo bat ikasi behar duzu: dokumentalak zelan finantzatu, horiek zelan mugitu, marketin estrategia zelan egin… Eta izugarria da ba­tzuetan. Hori dela-eta, ezin izan ditugu ekoiztetxearen oinarriak ondo finkatu eta uste dugu hori egiteko momentua dela. Era berean, gure lan baldintzak ahalik eta duinenak izatea lortu behar dugu, eta disfrutatzeko uneak atera. Eta hori oso ko­rapilatsua da negozioa zurea denean. Ekoiztetxearen irudia ere berrikusi nahi dugu… Dena dela, polita da zure burua etengabe berrasmatzea”. 

 

Alborde films:

688 888 469

info@albordefilms.com

www.albordefilms.com

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).