Berriro aurkeztu zara alkatetzara.
Errepikatzeko proposatu naute, EAJ-PNVren hiru Udal Batzek (Astrabudua, Erandio Bekoa eta Erandiogoikoa) aho batez hala erabakita. Erandion esperientzia eta gogoa dituen pertsona bat behar dela ikusarazi didate, inor atzean utzi gabe herria haztea lortuko duena, eta ekin beharreko etorkizuneko erronka garrantzitsuei erantzuna emango diena. Ilusioz beteta nago.
Zeintzuk dira datorren agintaldirako lan-ildo nagusiak?
EAJ-PNVren ahaleginek orain ere helburu hauek izango dituzte: jarduera ekonomikoa sustatzea, enplegua sortzea, trebakuntza bideratzea, gazteentzako eta nerabeentzako aisialdiko jarduerak, jarduera fisikoa osasunerako giltzarritzat hartzea, herri hezitzailearen topagunea sortzea eta Erandio udalerri atsegin bihurtzea.
Eta erronka nagusiak?
Gaur egun, herriguneak biziberritzeko asmo handiko prozesu batean murgilduta dago Erandio, industrialde zaharrak eraldatu eta bizitegi-ingurune bihurtuko dituena, eskura izanez oinezkoentzako kaleak, espaloi zabalak, oinezkoek lehentasuna daukaten guneak, berdeguneak eta parke publikoak.
“Erandio udalerri atsegina, ordenatua eta dinamikoa izatea da gure asmoa”
Zer talde-mota izango duzu ondoan?
Alkatetza lortu edo ez, udalerria eta erandioztarren beharrak eta kezkak ezagutzen dituen talde bat izango dut lagun, multzo berean gaitasuna, jarrera eta ilusio handia biltzen dituena.
Nolakoa izan da azken agintaldia?
Zalantzarik gabe, kudeatzeko zailenetako bat izan da, pandemiaren ondorioz; izan ere, arreta, lehentasunak eta aurrekontua batez ere sektore zaurgarrienetara bideratu dira, orain arte ezezaguna zen egoera leuntzen lagundu duen Talka Plan baten bitartez. Horrekin guztiarekin ere, zerbitzuei eutsi ahal izan diegu eta aurreikusitako inbertsio gehienak garatu ahal izan ditugu.
Proposamen zehatzak egin dituzu programan. Alkatetza lortuko bazenu, zer egingo zenuke lehenengo?
Zenbait proposamen egin ditut, bai, batzuk agintaldi honetan sortuz joan diren aukerekin lotutakoak (bidegorria), beste batzuk entzute aktiboaren, gure inkesten eta “Entzunez eraiki” ekimenaren ondorio. Aurrera, batera! Zer egingo nuke? Bada, lagundu didatenei eskerrak eman, eta Erandion gobernagarritasuna nola lortu pentsatu.