Prentsa-ohar baten bidez zabaldu duten moduan, Erandio 1100. urte inguruan sortu zen Andra Mari elizaren inguruan. Ikuskizunean, euskal dantzak eta antzerkia uztartuko dituzte herriaren historia eta bilakaera kontatzeko, sortu zenetik gaur egun arte. Besteak beste, hizpide izango dituzte, eliza eta inguruak eurenganatzeko, Martiartu, Butroi, Agirre… jauntxoen arteko liskarrak, nekazaritza, abeltzaintza, Asuako errege-portua, industria eta diaspora. “Eliza erdigunea dela, Erandioko historia kontatuko dugu Erdi Arotik gaur egun arte, eta, beste batzuen artean, erakutsiko ditugu bandoen arteko guda, garaiko lanbideek ekarritako hazkundea, Amerikara migrazioa, prozesioak eta Gorpuzti jaiak, Txorierriko jairik ospetsuenetarikoak izan zirenak”. Historia narratzaile batek, elizak berak, kontatuko du.
Egitasmoa garatzeko, Iglesia de Andra Mari de Erandio liburuan eta Erandioko historia jasotzen duen informazioan oinarritu dira, eta historialari baten laguntza izan dute. Jantziak eta eszenatokia diseinatu dituzte, eta koreografiak eta melodiak prestatu. “Ahalik eta publiko zabalenarengana ailegatu nahi dugu, gure historia ikuspegi folkloriko eta kultural batetik transmititzeko, hari buruz dauden datuetara eta informaziora egokituz, eta kontakizunaren, dantzaren eta musikaren bidez adierazita”.