Bizkaian ipinitako gainerako hitzorduak hauek dira: Karrantzan, 06:30ean, kooperatiban; Gernikan, 07:00etan, Eroskiko parkinean; Mungian, 08:00etan, kooperatiban; Durangaldean, 08:30ean, Matienako Eroskiko parkinean; eta Markinan, 07:00etan, “prauen”. Izena ematea telefonoz egin behar da: 636 451 570 (Alberto Llona) eta 688 688 674 (Alberto Llona).
Azken asteetan, nekazaritzako protestak ugaritu dira Europar Batasuneko (EB) hainbat herrialdetan; Iparraldeko nekazariek, esaterako, duela aste batzuk hasi zituzten protestak eta Nafarroako nekazariek gaur ekin diete protestei. Ezinegon horren oinarria da “baserri gehienetan ez dutela diru-sarrera duinik, ezta etorkizunerako aurreikuspen baikorrik, neurri handi batean EBk hamarkadetan ezarritako politika neoliberalen ondorioz”. EHNE Bizkaiaren eta ENBA Bizkaiaren iritziz, nekazaritza sektoreak erantzun zehatzak eta errealak behar ditu bere arazoetarako, eta eskaerak hiru ardatzetan zehaztu dituzte:
- Merkataritza askeko akordioen negoziazioak berehala etetea. “MERCOSUR eta gainerako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriarekin akordioa ez berrestea eskatzen dugu, ardi-okela (bildotsak) eta esnea Europako merkatuetan sartzeak dakarren mehatxuagatik. Aldi berean, merkataritza askeko negozaiazio-prozesu guztiak geldiarazi behar dira, eta, horretarako, beharrezkoa da luzamendua ezartzea”.
- Baserritarrentzako prezioek ekoizpen-kostuak bermatu behar dituzte. “Merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura-politika eskatzen dugu, prezio duinak bermatzeko mekanismo gisa. Era berean, merkataritza-jardunbide desleialei buruzko zuzentaraua modu eraginkorrean ezartzea exijitzen dugu, ekoizpen-kostuen azpitik saltzeko debekuarekin batera”.
- Europako Nekazaritza Politika sinplifikatzea ezinbestekotzat jotzen dute. “Gehiegizko burokraziak kostu onartezinak eragiten dizkie baserritarrei, eta ez dute uzten helburuak betetzen”.
Azaldu dutenez, aurreko lerroetan esandako lekuetatik aterako diren traktoreak Bilboko Areatzan elkartuko dira. “Gune horretan bertan, merkatu gardena egingo da, eta hutsean ontziratutako bildots-laurdenak eskainiko dira, prezio justu batean, Zeelanda Berriko arkumea sartzeak dakarren mehatxua salatzeko eta gure tokiko ekoizpenaren balioa azpimarratzeko”.