Zertarako egiten duzue Mintza Eguna?
Ainhoa: Mintzalaguna egitasmoak 8.000 pertsona inguru mugitzen ditu astero. Online zein aurrez-aurre ehundaka talde batzen dira euskara praktikatzeko eta bere burbuilatxoan pozik dauden arren, komunitate askoz zabalago baten parte direla ikustea ere oso ilusionagarria eta polita da. Mintzalagunek euskararen erabilerari egiten dioten ekarpena oso garrantzitsua da, euskal hiztunak ahalduntzen ditu eta horrek bere aitortza merezi du. Mintza Eguna horretarako aukera oso aproposa da. Komunitatea indartzeko, elkargune bat sortzeko eta euskara praktikatzen jarraitzeko aukera eskaini nahi diegu plan ezberdin bat proposatuz.
Eta Erandiok hartu du aurtengo Mintza Eguna antolatzeko erronka.
Mikel: Bai, hala da. Guretzat oso egun berezia izango da, izan ere Kanpomartxo jaiaren 30. urteurrena ospatzen dugu, berreskuratu genuenetik, noski. Aukera polita iruditu zitzaigun bi jaiak bateratu eta Erandioko zein Euskal Herriko euskaltzaleen arteko elkargune hori sortzea, euskaraz sortutako harreman sareak zabaltzeko aukera bat gehiago emanez.
Zer da Kanpomartxo?
M: 1994. urtean Berbotsek berreskuratu eta birmoldatutako jaia da. Garai batean Inauteri aurreko igandean herritarrak mendira edo landa batera joaten ziren lagunarte edota familiartean, suaren inguruan bazkaltzeko. Egun, inguruko euskaldunak biltzeko deia egin eta bazkaria ez ezik, musika eta dantzari ere leku berezia eskaintzen zaie. Berreskuratu genuenetik geroztik, Erandioko txoko ezberdinetan egiten dugu ospakizuna eta aurten Faoeta auzoan izango da.
Eta nola bateratuko dituzue bi jaiak?
A: Goizean jai bakoitzak bere egitaraua jarraituko du eta eguerdian bazkarirako Faoetara joango gara mintzalagun guztiak Kanpomartxorekin bat egitera.
Zer aurkituko dugu egitarau horretan?
A: Mintza Egunaren kasuan, Mintzalagunei ongi etorria eman eta hamaiketakoa egin ostean, bi plan aukera izango dituzte: Altzagako Ibarratik bisita gidatua edo mintzodromoa munduko mintzalagunekin. Teknologia berriek ematen dizkiguten erraztasunak aprobetxatuz, aurrez-aurre etortzerik ez duten mintzalagunei ere parte hartzeko aukera zabaltzen diegu. Gainera, diasporan bizi diren euskaldunentzat oso aukera polita bai euskara praktikatzeko eta baita Euskal Herritik gertuago sentitzeko ere. Goiza esker emate ekitaldiarekin amaituko dugu Faoetara igo eta Kanpomartxorekin bat egiteko.
M: Kanpomartxoren kasuan musikak eta dantzak leku berezia izaten du. Familia osoarentzako espazioa egoten da bertan, helduentzat ikuskizunak eta haurrentzako puzgarriak adibidez. Arratsalde partean erromeria ederra edukiko dugu Luhartz musika taldearekin eta Faoetan nahi beste luzatzeko aukera, gorputzak irauten duen bitartean.
Nola eman behar da izena parte hartzeko?
A: Online izena emateko aukera dago https://mintzalaguna.