COVID19-aren ondorioz konfinamendua izan dugun bitartean, ezin izan gara plazetan egon, baina pentsiodunen mugimendua lanean ibili da, bilerak egiten jarraitu dugu eta hainbat eragilerekin mantendu dira kontaktuak, aurrerantzean egin beharrekoa zehazten joateko, pentsioniston eskakizunek indar handiagoa hartu dutelako izurritearen ondorioz sortu den egoera ekonomiko-sozial kritiko honetan.
Oraingoan ezin dugu onartu aurreko krisialdian gertatu zena: aberatsak gehiago aberastea, pobreziak eta prekaritateak gora egitea, lan-baldintzak okertzea, ekosistemak hondatzea, kultura eta elikadura osasuntsua ez bermatzea eta, baliabideen faltagatik, zainketa behar duten pertsona askori egoera kaxkarrean biziaraztea.
Guk argi dugu egoera hau kudeatzea zaila dela, baina pandemiak hutsune asko utzi ditu agerian aurretik hartu izan diren erabakien ondorioz, eta nabarmenenak sistema sozio-sanitarioaren baliabide material eta giza baliabideen eskasian ikusi dira. Gogoan dauzkagu, esaterako, aurretik egin izan ziren adinekoen egoitzetako langileen protesta-grebak.
Horren guztiaren inguruan, herritar-talde batek ahal izan duen guztia eman du, baina beste batzuei asko sufritzea tokatu zaie. Ezin da berriro gertatu etxekoren bat galtzea eta familiak aukerarik ez izatea azken agurra egiteko, ezta kanposantura laguntzeko ere.
Bestalde, egoera kritiko honek aukera ere ematen du pertsonak erdigunean jartzeko eta herritarron beharrizanei erantzun egokiak emateko: kalitateko osasun-sistema publikoa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatuz, genero-arrakala desagerraraziz, murrizketak ekarri dituzten lege-erreformak indargabetuz eta abar. Jadanik ezaguna den Toledoko Ituneko partaideak hasita daude bilerak egiten eta orain arteko informazioaren arabera esan daiteke gauza onik ez dela handik etorriko; beraz, adi egotea tokatzen zaigu. Edozelan ere, agintariak pertsonak erdigunean ipintzera begira jarri beharko lirateke bai EAEn, bai Nafarroan zein Madrilen.
Argi dagoena da erronka handiak ditugula, eta pentsionisten mugimenduak jarraituko du lanean eta astelehenero plazetan kontzentrazioak egiten. Bide batez, animatu gura zaituztet Txorierrikook, Bilboko udaletxe aurrean, 12.00etako kontzentrazioetan parte hartzera joan gaitezen, eta hilaren lehen astelehenean Bilbora ez bada, eguerdiko 12:00etan Larrabetzuko plazan egiten den kontzentraziora.