-Euskal Herriko ia 200 udalerrietako udaletan mozioa aurkeztu dugu bankuek ematen dituzten zerbitzuen gorabeherak direla eta. Zerbitzu horien murrizketen eta digitalizazioaren ondoren, adinekook eta pentsiodunok arazo larria dugu banku-zerbitzuetara jotzeko. Kezkak konpontzeko bidean, bi printzipioren araberako banka publikoa eskatzen da: gehien duenari gehiago kobratzea eta behar den arreta presentziala ematea.
-Sinadurak batzea. Estatuko gainerako pentsiodunekin batera kanpaina egin, eta 2022rako eta hurrengo urteetarako eskatu dugu soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatzea eta hauek bermatzea: pentsioen erosteko ahalmena; pobrezia-atalasetik beherako pentsiorik ez egotea; pentsio publiko duinak, bidezkoak eta behar bestekoak; eta Pentsio Sistemaren izaera publikoa.
-Bizikleta-martxa, ekainaren 13tik 25era Euskal Herrian zehar. Zalantzarik gabe, martxa arrakastatsua izan da, eta pertsona eta gizarte-talde ugarik babestu dute. Euskal gizartearen aurrean honako premia hauek erakutsi dira: pentsio publiko duinak defendatzea, gutxienez 1.080 eurokoak; gero eta handiagoa den pribatizazioaren aurrean zerbitzu publikoen garrantzia eta eskakizuna agerian uztea; eta arreta, zaintza eta etxeko lanak emakumeek eta gizonek partekatuko dituzten gizarte baterantz aurrera egitea.
-Euskal Autonomia Erkidegoan ponentzia bat abiatzeko proposamena egin dugu, pentsioak 1.080 eurora arte osatzea eskatuta.
Hurrengo hilabeteetan ere egingo ditugu kontzentrazioak eta mobilizazioak. Euskal Herrian zein Madrilen entzungo digute. Pentsiodunen bizi-baldintza duinak lortzeko jarraituko dugu kalean, baina hurrengo belaunaldiek izango duten etorkizunak kezkatzen gaitu, izan ere, krisia eta COVID-19a atxakiatzat hartuta, prekarizazioa areagotu dute. Dirurik ez dagoela entzuten dugunean, kirrinka egiten digu belarrietan. Horren guztiaren aurrean, eragile sozialen arteko aliantzak egin behar ditugu, eta izaera publikoko zerbitzuen alde egin.