Uztailean Emakundek aurkeztutako lan baten arabera, EAEn 65 urtetik gorako lau emakumetik batek indarkeria matxista jaso du bizitzan zehar eta 16.500 emakumek indarkeria matxista pairatzen dute gaur egun. Datuak ezkutuan egon arren, Pentsiodunen Mugimendukook sarri salatu ditugu egoera horiek. Indarkeria kasuak zahartzaroan kroniko bihurtzen dira, eta funtsean indarkeria psikologikoa da eta etxeko ekonomiaren kontroletik eratortzen dena. Beraz, kontrol ekonomikoari aurre egiten hasteko lehentasunezko exijentzia da gutxienez 1.080€-ko pentsioa kobratzea, 14 ordainsaritan.
Beste alde batetik, emakumeei aitortu behar zaie dohainik eta familia-esparruan egin duten zaintzaile-lana, zor historiko-patriarkala delako. Emakumea bigarren lerroan egon da, lan produktiboa erreproduktiboaren gainetik egon delako. Baina zaintza lan hau izan da bizitza sostengatu duena. Horrek emakumeei ekarri die bizitza pertsonala baztertzea, ikusezin bihurtzea. Oraindik ere merkatuaren ekonomiak, kapitalismoak, emakumeak behar ditu zaintzaren zama nagusia har dezaten. Beraz, 30ean kalean izango gara denon zaintza eskubidearen alde.