Nahasia esaten dut, batetik, ospakizunaren eta borrokaren arteko kontraesanetan murgiltzen garelako eta, bestetik, aldarrikapenen artean hainbatetan aurkitzen ditugulako interes kontrajarriei erantzuten dieten ideiak.
Hedabideetan sarritan entzun dugu emakumeen presentziak nabarmen egin duela gora enpresetako eta estatu aparatuetako goi-karguetan. Aipagarria da, esaterako, “Espainiako Estatuko historiako gobernu aurrerakoi eta feministena” enpresa munduan abiaraziko den trantsizio feministaren aldeko adierazpenak egiten aritzea, noiz eta emakume proletarizatuenen bizi-baldintzak gero eta penagarriagoak diren honetan.
Ezin daiteke ukatu Estatuaren agente diren instituzioek eta alderdi politiko instituzionalek feminismoaren izenean egiten duten erradikaltasun saiakerak ardura sortu duela, errealitatean ez baitute emakume langilearen zapalkuntza gainditzeko konpromisorik. Fenomeno horren ondorio dira, adibidez, gobernuaren partetik martxan ipintzen diren lege erreformak eta bestelako proposamenak, Espainiako Estatuko gobernuak duen emakume ministro kopurua edo Frantziako gobernuak parekidetasuna erdigunean izango duen legealdia gauzatuko duela hitz eman izana. EAE eta Nafarroako gobernuetan ere berdintasunaren aldeko itxurakeria behin eta berriz jasan behar izaten dugu, zaintza erdigunean jartzeko aldarrikapenetan edo emakumeen lanak ikusarazteko eginiko saiakeretan, besteak beste.
Eta nola saihestu geure buruei galdetzea, promesa hauen guztien ondoren, zer ote den emakume langileon bizitzetan aldatu dena. Askok eta askok miseria lanetara bideratuta eta etxeko zereginetan giltzapetuta jarraitzen dute, baita familiarekiko eta instituzioekiko erabateko dependentzia ekonomikora kondenatuta ere. Eta horri krisiaren ondorio den bizi-baldintzen kaskartzea ere gehitu behar diogu. Hori gutxi balitz, gainera, neurri juridikoak indarkeria matxistaren ondorioz erasotua izan den emakumea isilarazteko daude diseinatuta, eta garesti ordaintzen ditugu horren ondorioak.
Egoera horren aurrean, gure interesak eta beharrak lehen lerroan izango dituen antolakuntza propio bat garatzeko beharra dago. Batetik, interes ekonomikoak bermatzeko sektore soil batzuen onurak bultzatzen dituzten proposamenak alboratuz eta horiek gure esplotazioan eta zapalkuntzan duten ardura seinalatuz. Eta, bestetik, emakume langileon arteko elkartasuna eraikitzen jarraituz, geure bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko eta gure etorkizuna egungo forma hauetatik at diseinatzeko.