1886an Chicagon jazotako Haymarketeko sarraskian du jatorria Maiatzaren Lehenak: besteak beste, zortzi orduko lanaldia lortzeko asmoz maiatzaren 1ean hasitako greban hainbat langile hil zituen poliziak. Eskaera hori, ordea, ez zen AEBtara mugatzen, izan ere, hamarkada bereziki emankorra izan zen langile mugimenduaren borrokari zegokionez, greben kopuruak, grebetan parte hartzen zuten langile kopuruak eta sindikatuetako langile kopuruak nabarmen egin baitzuten gora. Horrela, 1889an Parisen, hainbat alderdi sozialistek maiatzaren 1a aukeratu zuten Haymarketeko sarraskia gogoraraziko zuen nazioarteko manifestazioa egiteko. Hasierako urteetan aldarrikapen eta borroka eguna zen Maiatzaren Lehena. Gerora, ordea, unean uneko testuinguruak eta langile mugimenduko talde erreferenteen izaerak definitu du egun hori aldarrikapenerako edo ospakizunerako.
II. Mundu Gerrak inflexio puntu bat suposatu zuen. Ehun produktiboaren berregituraketak (kontsumo gaitasunaren eta enplegagarritasunaren gorakada) eta proposamen politikoaren berregituraketak (Ongizate Estatua) panorama berria irudikatu zuen langile mugimenduaren aurrean. Egoera horrek zekartzan erraztasunen eta erosotasunen ondorioz, langile mugimenduaren askotariko espresio politikoak (garai hartako sozialdemokrazia edo sindikatuak kasu) Estatuaren logikan txertatzea tendentzia orokorra izan zen, horrek langile mugimendu hegemonikoaren jardunbidean eta ekimen konkretuetan eraginez. Era kontziente edo inkontziente batean, langile mugimenduak orduko paktu soziala onartu zuela esan daiteke beraz, “bake sozialaren” truke Estatuak eta burgesiak eskaintzen zizkion baldintzak onartuz.
Historiaren garapenak, ordea, bidegurutze batera eraman du “amestutako egoera” hori. Izan ere, krisiaren paradigmak orain arte ezagututako errealitatearen oinarriak kolokan jarri ditu (kaleratzeak, kontrol sozialaren indartzea… ), paktu sozialarekin batera, eta horrek, bi posizio ezberdin garatzea ekarri duela esan daiteke. Batetik, joandakoaren nostalgian harrapatuta geratutakoak, Ongizate Estatuaren berreraikuntzaren aldarripean kokatzen direnak. Bestetik, egoera horrek atzera bueltarik ez eta aukera bakarra aurrera egitea dela uste dutenak, aurkezten zaizkigun kontraesanak gaindituz.
Maiatzaren Lehena ere bidegurutze horretan dago, kontraesan horiek zeharkatuta, iraganari so egingo dion edo etorkizuna eraikitzen jarraituko duen. Nik behintzat garbi daukat: aldarrikatu dezagun etorkizun berri bat, hori baita iraganeko borrokak omentzeko erarik zuzena. Gora Maiatzaren Lehena! Gora Langileon Borroka!