Ebaluatzen

Erabiltzailearen aurpegia Asier Oruetxebarria, irakaslea 2018ko urt. 4a, 11:21

Azaroaren azken astean ikas­leen eba­luazioak daukaguz. Ikas­leek ikas­ten dabezan irakasgai des­ber­dinei zenbaki bat egokitu behar dautsegu; ahalik eta justuena. 

Ez dakit ondo edo txarto egiten dodan baina egindako lan, kontrol eta jarrera bakotxak badauka bere balioa; bataz bestekoa egin atal bakotxak daukan garrantzia kontuan izanda, eta azkenean ikasle askorentzat madarikatua dan zenbaki hori lortzen dogu. Barriro di­not, ez dakit ondo edo txarto egiten do­dan, baina ikasle guztiak galbahe beretik pasatzen dodaz.

Beste gauza bat da eguneroko ebatziak ebaluatzeko ordua ailegatzen danean. Sarritan ez dogu hausnarketa hau egiten. Ez dogu atzera pausu bat emoten egin doguna aztertzeko, eta batez be, honek ekarri daikezan ondorioak neurtzeko. Ebaluaketa honek txarto egindakoak ez errepikatzeko balio beharko leuke, baina badakigu, gizakiok zulo berean jausteko joera itzela daukagu. Edozein erabakik ondorioak dakarz, egunkaria zabaldu eta ehundaka adibide dagoz. Egindakoa ez da ebaluatzen eta hainbatetan ebaluazio egiten danean galbahe desberdinak erabiltzen dira. Ondokoari pasatu behar jakonean urun fina baino ez da pasatzen, lastorik txikiena be agerian gelditzen da. Baina norberarentzat danean mokilak be pasatzen dira, ia dana justifikatzeko kapazak gara. Kataluniako egoera politikoa adibide ezin hobea izan da galbahe desberdinen neurriak ikusteko. Egoera beraren aurrean bi ebaluazio desberdin egin dira. Desberdi­nak baino, kontrakoak. Baina hor ez naz sartuko. Kasu honen aurrean bakotxak bere ebaluazioa egin dau eta batek esan eban moduan zenbat buru, hainbat aburu.

Nahiz eta bakotxak bere eritxia euki, galbahe bakarra egon beharko litzateke norberarenak eta urkoarenak bahetzeko. Ebaluazioa deitu beharrean agian enpatia deitu beharko neuskio. Ondokoaren tokian ipini eta ahalegindu berak sentitzen dauana ulertzen, ondokoak daukazan nahi, itxaropen edo desioak. Agian, irakasleok ikasleak hobeto ulertuko geunkez, edo batek daki, Mariano Rajoyk Carles Puigdemo­ten saparen barruan sartuko balitz edo Puigdemonek Rajoyren bizarra jantziko baleu, Kataluniak hitzartutako erreferendum bat eukiko leuke. Baina hau Olentzeroari eskatuko dautsagu. Zorionak eta urte barri on.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).