Denpora larregi behar dabe egunero jateko, baina niri noizbehinka jatea gustetan jat. Gainera, estresaren kontrakoak dirala uste dot. Bai, estresaren kontrakoak. Gaztainak jateko denporea behar da; ezin dira arin baten jan. Zuritu behar dira, ez erretako lasai jan behar dira, eta, onena: lagunen bategaz alkarbanatzen badira, askoz hobeto. Jaten diran bitartean sortzen dan elkarrizketea lagungarria da digestinorako. Baieztapen honegaz, beharbada, medikuak ez dira nigaz ados egongo, baina ni ziur nago holan dana. Ardauagaz bardin gertatzen da. Botila bat ardau edan beharrean, erdia edo herena edan ezkero, baten bategaz banatu dalako, bada gitxienez onura bi daukaz: lehenengoa, edatean sortzen dan elkarrizketea; eta bigarrena gitxiago edate horregaz dator.
Globalizazio gastronomiko honetan, lekutxo bat topatu behar dautsegu etxean egindako gaztainak moduko jakiei. Seguruenik, alperkeria izango da jaki hau ez jatearen erruduna. Baina gaztainek badaukie berezitasun bat: nik dakidala, oraindik ez da existitzen mikrouhin labean sartzeko erdi egindako gaztainarik (holango taloak badagoz). Agian, negozio baterako ideia izan daiteke.
Azkenean, gaztainak, taloa edo morokila izatea bardin da. Garrantzitsuena mahaiaren inguruan sortzen dan elkarrizketa da, bazkaltzen dan bitartean eta bazkaldu ostean. Orain dala gitxi, aspaldiko lagun talde bat lotu ginen bazkaltzeko. Jatetxea aukeratu genduan, eta erreserba egiteko orduan ea zein ordutan gura genduan galdetu euskuen. Guk hirurak inguruan esan geuntson, eta telefonoaren beste aldeko morroiak ezetz esan euskun. Ordu bat eta erdietan edo hiru eta erdietan; ez egoala beste aukerarik. Lehenengo txandea ala bigarren txandea aukeratu behar genduala. Ez dakit turisten eragina izango dan, edo tabernariaren irabazi nahia. Baina non geratzen da bazkalostekoa egiteko denporea, lehenengo txandea aukeratu ezkero? Guk bigarrena aukeratu genduan, eta jantokia hutsitu arte egon ginen han, estresaren kontrako errezetari jarraitzen, berbetan lagunakaz. Ea gaztainak hotzitu baino lehen topetan dodan lagunen bat, bion artean jateko. Txipli txapla pun!