Are gehiago, % 75ek gurago dau asteburuetan Interneten ibili “lagunakaz egotea” baino. Denpora hori gehienbat txateatzen edo serieak eta pelikulak ikusten emoten dabe, eta euren bigarren aukera da erosketak egitea eta bideo-jokoak erabiltzea. Datuak Estatuko 2.000 gazteri egindako inkesta batetik aterata dagoz; ez dot uste euskaldunok desbardinak izango garenik.
Argi dago Internet eta bere eratorritakoak mundura zabalik dagoen leiho itzel handia dirala, baina gure etxeko bakardadean gozatzen doguz. Nahiz eta antipodetan dagoen lagun bategaz berba egiten egon.
“Lagunakaz egotea”, hirugarrenez komatxoen artean, guztia zan nire gazte-garaian. Eta komatxoen artean idatzi dot berba bi horreetan hainbat jarduketa batzen ziralako: futbolean ibiltzea, kereizak lapurtzea, Bilbora joatea, pipak jatea edo ligatzea. Ez dot uste sakelako telefonoak horrenbeste app daukanik. Egote horrek zuzenean egotea ekartzen eban; tarteko pantaila barik. Zenbat denpora pasatu dogun ezer egin barik kuadrillakoon artean barre egiten edo tontakeriak esaten, baina beti be harremanak egiten! Nerabe askorentzat bere adineko lagunakaz egoteko momentu bakarra institutua da, eta, agian, derrigorrezko hezkuntzan garatu beharko litzateke lagunakaz egoteko eta bizi izateko gaitasuna. Edo gurasook seme-alabei irakatsi beharko geunskie Play Stationagaz, telefonoagaz edo Internetegaz pasatzen daben denporea kudeatzen. Askoren antzean, etxean galduta daukagu guda hau, nahiz eta munduko gurasorik kantsagarrienak izan.
Mundua moduan, gizakion arteko harremanak be aldatzen doaz. Batek daki 20 urte barru gure aisialdia zertan emongo dogun. Bueno ba, amaitu behar dot, lagunakaz lotu naz-eta zurito batzuk hartzeko.