Guk, helduok, barriz, gure balizko koaderno zuri horreetan etorkizunerako baliogarriak izango diran zeintzuk gai azpimarratuko geunkez? Zeintzuk dira ikasi behar doguzan gaiak? Zeintzuk dira landu behar doguzan gaitasunak? Gizaki lez, zein eremu landu beharko geunke heldutasunera heltzeko? Itaun larregi, ezta?
Buruari bueltaka nabilko eta hainbat gai jatordaz. Batzuk barriak, beste batzuk zaharrak. Edozein albistegi entzunda, argi dago: Afganistan, argindarraren prezioa (eta gure poltsikoari eragiten dautson presioa), hainbat taldek jasaten duten jazarpena, ERTE, ERE eta holango siglak …. Asko eta denatarikoak dira. Eta zer ikasiko dogu horreetatik? Ikasleek beren gai barrietatik ikasten dabe, baina geuk? Zerbait ikasiko dogu? Aurretik aipatutako “gai” horreek ez dira barriak, agian beste izen bat eukiko dabe, baina betikoak dira. Gizakiari eta gizarteari estu lotuta dagoz. Gai bakoitzaren ordez aspaldi izandako baliokide bat egokitu leitekio.
Nahiz eta mendeak igaro, gizakiak ez dau ikasi. Joxean Artze zanaren olerkiak holan diño: “Iturri zaharretik edaten dut / ur berria edaten / beti berri den ura / betiko iturri zaharretik." Bada, nire ustez, arazo barriak ur barriaren modukoak dira. Betiko gizarte zaharretik sortzen dira arazo zahar barriak; eta nahiz eta milaka koaderno bete, ez dugu ezer ikasi. Espero daigun gure gazteek ikasturte honetan, koadernoetan ez dagozan gauza asko ikasi daiezan. Zorionez edo zoritxarrez, Garik abesten dauan moduan, Esperantzara kondenatuta gagoz.