Aitatutako liburuak 2110. urteko istorio futurista bat kontatzen dau. Estralurtarrak, androideak eta imajina daikegun edozein gailu agertzen dira. Baina, gauzarik errealena, nire ustez, uraren erabilera izan da. Ur-dutxa bat luxu bihurtu dan etorkizunean oinarrituta dago. Etorkizun hori, gaur egun, planetaren eskualde askotan, oraina da. Kendu burura etorri jatzuen Afrikako basamortu bateko argazki hori, eta pentsatu Bizkaian dagoen Karrantza herrian. Egoera ez da hain larria, baina “ Karrantza urez hornituko duten kamioiak udalerrira iristen hasi dira” lerroburua eitb.eus webgunean irakurri dot. Beharbada, urte batzuk barru, Karrantzan, liburuan moduan, dutxa bat hartzea luxu hutsa izango da.
Bigarren barria itxaropentsuagoa da. Irailak 15ean, Berria egunkarian irakurritakoa da. Lerroburuak holan dino: “Patagonia konpainiaren jabeak enpresa oparitu nahi du, natura zaintzeko”. Ezagutzen ez dauanarentzat jakin dagiala Patagonia enpresak mendirako arropa eta denetariko tramankuluak egiten dauzala eta 1300 milioi euro inguru fakturatzen dituela urtean. Yvon Chouinarden, Patagonia konpainiako sortzailearen esanetan, planeta oparo bat nahi badogu, denok egin beharko dogu ahal doguna. Egia esan, erabaki ausarta izan da. Lerroburu benetan deigarria. Zertan amaituko dan beste istorio bat da.
Agian, honelako jarrera gehiagogaz, 2110. urtean planeta oparo hori ikustea egia izango da. Imajinatzen dozue Euskadin sustraituriko konpainia erraldoi horreetako bat holakorik egiten? Uste dot oparotasun hori planetarako baino beste leku baterako bilatuko dabela.
Igaro dogun uda bero eta lehor honen ostean, pentsatu behar dogu planeta oparo hori benetan gura badogu, guztiok ipini beharko dogula jasangarritasunaren aldeko hondar ale txiki bat gitxienez.