Desagertzea

Erabiltzailearen aurpegia t: Bego Vicario, irakaslea 2019ko aza. 28a, 10:07

“Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat” topaketetara hurbildu nintzen iaz, eta zuekin partekatu nahi dut han entzundakoa. Kontua da geologoa bazara, bizitzari buruz duzun ikuspuntua asko zabaltzen dela: planeta eta bere eboluzio-erritmoak urrunagotik ikusten dituzu, Lurraren materialek duten bilakaeraren erritmora egokituta. Horrela, bada, ezagutzen dugun bizitzaren eta gure espeziearen suntsipenaz hitz egiten zutenean, halako distantziarekin egiten zuten, gu gabe ere planetak eta beste espeziek berton jarraituko zutelakoan… Askoz hobeto, agian.

Topaketa horietan lehen aldiz entzun nuen gure espeziea lehena eta bakarra zela iraun bitartean atzean fosilak lagatzen zebilena: plastikozko fosilak, hain zuzen ere. Hasieran, itsasoan eta zabortegietan –edo gauza bera dira?– dauden plastiko gogortuez pentsatu nuen, baina laster argitu zidaten fosila esaten zutenetan benetako harri prezipitatua adierazi nahi zutela, barruan plastikoz eginda dagoena. Kanarietako Calabozoko arroila halako kaltzita-harriz josita dago.

Antropozenoan gaude, Kuaternarioaren segidan dagoen garaian, eta izena gizakiok Lurraren ekosistemetan izaten ari garen eragina kontuan hartuta ipini diote, 1945ean bonba atomikoarekin hasita suntsipena gelditzeko inolako itxurarik ez duen gaur egundaino. Hondamendiari gure izena jarri diogu dagoeneko, izenak berak iraun behar ez badu ere.          

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).