Panpako lezka

Erabiltzailearen aurpegia t: Bego Vicario, EHUko irakaslea 2022ko urt. 3a, 08:29

Orain 70 urte dago gurekin, bere exotismoa eta edertasuna gurera ekarri nahian, gutako batzuk lorategietan ipintzen hasi zirenetik. Hala ere, landare inbaditzailea da, eta horrek esan nahi du tenperatura eta hezetasun egokiak topatzen dituenean jaun eta jabe egiten dela, urtero milioi bat hazi zabalduz, eta lurraldeko beste espezie guztiak itotzen dituela.

Gurean egoerarik erosoena aurkitu du bizitzeko eta hazteko: Txorierriko errepide zaharretik, korridoretik zein trenbidetik lehen begiradan erraz sumatu dezakegu landare horren hedapena, zonalde handiak bete ditu eta. Normalean, sakan artean eta lanek birrindutako lur-eremuetan zabaltzen hasten da, eta gero, astiro, baina gelditu gabe, gainerako landare-espezieak bizi diren eremuetara sartzen hasten da, ertzetatik bihotzeraino.  

Landarea erauzteko proba arrakastatsuak egin dira berton zein Asturiasen eta Kantabrian, eta hartara badakigu zer egin behar den soluzio-bidean jartzeko: informazio-kanpainak egin, Aldundien laguntzak udalen bitartez bideratu eta hurrengo urteetako jarraipena lur-jabeekin adostu. 

Esaten denez, edozein kolonizazioz konturatu orduko berandu izaten da konponbidea bilatzeko, baina, agian, oraindik garaiz egon gintezke gure paisaia eta ekosistemak beren horretan izateko.