Biolentzia

Erabiltzailearen aurpegia Eder Merino, kazetaria 2018ko urr. 17a, 11:01

Sexuaz zebiltzan hizketan, plazeraz; go­zatzeaz eta tentsioak askatzeko mo­du osasuntsuaz. Gaztelaniako hiz­tegiak eskaintzen duen “aberastasunari” eutsiz txantxa bat egin nahi izan zuen. “Txortan egin ezean porkulo emango dizuete”, bota zuen jendaurrean irribarretsu, elegante eta paparra handituta. Norma apurtuz, atzamar bat goratu zen eta porkulo ematea kalte egitearekin alderatzea leporatu zion hizlariari. 

Ez al da ba batzuetan eta batzuentzat ipurdia plazer gunea? Zergatik minarekin eta izorratzearekin lotu? Mintzalaria mutu geratu zen eta segituan barkamena eskatu zuen gaztelaniak eskaintzen duen hitz-joko inozoei aipu eginez.

Baina ondo dakigu hizkuntzak inoiz ez direla maleziagabeak izan. Normatik kanpo dabilen oro seinalatua izan da, gutxietsia; gizonezko-hetero-zuri-ekonomikoki boteretsu eta desgaitasunik gabeko ikuspuntu batetik epaitu da dena. Dena. Eta hizkuntza aliatu bikaina izan da inkisizio berezi horretan izena ezarri diolako markatutako bideari jarraitu ez dion edozeri. Sutara botatako sorginak, jipoitutako marikoiak, zuri ez izateagatik esklabo bihurtutakoak… Gizon zuriak erabaki, eta hizkuntzak markatu. Gaur egun horretaz hitz egitea politikoki desegokia bada ere, hizkuntza erabiltzen da, formatu desberdinetan, araututakotik kanpo dagoena epaitzeko. Eta umorez erabiltzen bada ere, biolentzia da. Biolentzia.

Hizlariak barkamena eskatu zuen subkontzientean itsatsitako egitura zakarrengatik. Gizartea aipatu zuen, historia, matxismoa eta estatusa ere bai. Betiko leloa. Izan ere, gizarte eta subkontzienteek asko daukate biratzeko, sistema eta hizkuntza honen sasikume guztien parkamena lortzeko, behin izandako askatasuna bueltatzeko eta, behingoz, aniztasunaren ispilua izateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).