Azkenaldian zirraren kudeaketak bere espazioa eta garrantzia eskuratu du, eta profesionalek baliabideak eman dizkigute daramagun zama arintzeko. Txalotzekoa. Baina, maiz, emozioen irakaskuntzaren atzean pribilegioa ezkutatzen da: gure istorio pertsonalek, bizipenek eta zauriek zer garen islatzen dute, eta zirrara egokien kudeaketaz gidaliburu bat sortu nahi izateak gure borrokak homogeneizatu eta ezeztatzen ditu.
Jasandako indarkeriek hezi eta hazi gaituzte eta hatz-marka legez gurekin daramatzagu. Halaber, guztiok ez dugu oinarri berbera, lurra ez dugu berdin zapaltzen, eta, sistema honetan bizirauteko garatu ditugun estrategiak bezala, gure istorioak aski desberdinak dira. Ondorioz, oso modu desberdinetan eta leku anitzetatik bizi izaten ditugu emozioak. Kudeaketa egokiaren aitzakiaz gure istorio pertsonalak alde batera uzteak pribilegiodunak saritu eta sistema bermatzen du.
Eta bai, sarri, bizitza oso injustua da, karma ez da existitzen, ereiten dena ez da beti jasotzen, eta, nahiz eta pertsona ona izan, indarkeriak pairatzen dituzu. Horregatik, zirraren kudeaketa lantzeaz gain, ezinbestekoa da kontzientzia eta ikuspegi kritikoa jorratzea borrokatutakoa ez zuritzeko eta oreka, justizia eta bakea eskaintzeko.