“Estra, estra! Euskara ez dago debekatuta! Tabernetan, dendetan edota kalean galdera eta erantzuna euskaraz osatzea zilegi da!”
“Estra, estra! Feminismoa da eskubide berdinak ditugun gizaki parekideak garela diona! Tratu onak sustatzen dituen korrontea da!"
Benetako berriak balira, beren logikotasunak lotsa eragingo luke askoren barrenean. Hala ere, egunerokotasunak dioskuna da zentzuzko mezuak zabaltzen jarraitzeko beharrizan ikaragarria dagoela. Hala, egunkaria zabaldu eta honako datuekin egin dugu topo: “Eskolan euskarak arau bezala jarraitzen du bere erabilera sustatu dadin; bitartean, gaztetxoentzat espainieraz mintzatzea guayagoa da”. “Etxeko alaba gaztea mutiko batekin hasi da eta jatorra dirudi. Mutilari “zainduiguzu!”-esan diote neskaren gurasoek, neskak bere burua zaintzen jakingo ez balu bezala; alabari, aldiz, “zelango zortea daukazun, e?”-alderantziz ere hala ez den galdetu nahi luke neskak”. Bizitzak aurrera darrai baina zuri-beltzean egoten jarraitzen dugu gai batzuetan. Halaber, gazte horiek nagusitu egingo dira, beren sinesmen eta jarrera inkontzienteekin batera.
Horren harira, geure buruari galdegin diezaiokegu non galdu ote dugun euskal identitatearekiko miresmena, nola hasi garen desilusioak bultzatuta hezten. Zergatik ez diegun gure gaztetxoei genero-rolen filtrorik gabe izaten irakasten, eta zer dela eta jartzen ditugun trabak guk irentsitako balio matxista eta paternalistei autokritika egiterakoan.
Banatzen ibili diren egunkarietako azalean Euskara eta Emakumea ageri dira, biak banku berean eserita. Argazkitik at, elkar ikusi bezain laster malkoz bete zaizkie begiak; ez dituzte eten, barre egitea eteten ez dugun bezalaxe. Bata bestearen istorioa eta historia ezagutzen dute, zapalduak izan dira, eta badira oraindino ere, indarkeriaz, justifikazioz eta isilunez beteriko momentu guztietan. Direnagatik barkamena eskatu behar izan duten bakoitzean.