Ispiluan

Elkar zaintzea

Erabiltzailearen aurpegia Einer Larrabeiti, Psikologian graduduna 2019ko urr. 3a, 11:32

Zenbat bider entzun edo pentsau dogu “nora doa hori holan jantzita, edo horregaz?; Bere adinean holan ez da ibili behar”. Nork esan deusku monogamia edo heterosexualitatea direla harreman naturalen estandarrak? Edo, “ikusiko dozu heltzen jatzunean…”. Heldu zein, bildurra?

Gaur goizean, mendira joan naz. Ez kirola egitearren, baizik eta susmatzen nebana goitik ikusi ahal izateko. Katalejoak hartu eta herri bakoitzari begiratzean harresi txiki asko ikusi dodaz. Ez dot ulertu: gerran egongo ete gara?

Handik gitxira, pertsona batzuk agertu dira, adin guztietakoak, etxe guztietakoak, eta makurtuta harresietarantz hurbildu dira. Behin danak euren talde desberdinduetan batu eta gero, pergamino bana atara eta zeozer irakurri dabe. Pergamino guztiak, sinbolo bardinagaz atzetik. Idatziak gorde eta euren artean hasi dira harremanetan. Modu neurtuan, protokolozko barre eta elkarrizketakaz. Halan biziteko eta izateko arauak irakurtzen egon ete dira lehen?

Bizitzako arau gehienak guk geuk asmatu eta inposatzen doguz. Ez badoguz betetzen, txarto sentitzen gara edo ostaldu egiten dogu. Besteak direnean arauak bete ez dabezanak, nahiz ta gugaz zerikusirik ez euki, minduta sentiduten gara. Edozelan be, irrikan egoten gara okerkuntzak eta mailua mahai gainera atera eta epaiketa egiteko. “Dan, dan, dan! Saioa hastera doa.”

Sinistu egin dogu izaki finituak garela, mugatuak, eta hori pertsona normalak izateko bete behar dan baldintza bat dala. Orduan, zer da normala izatea? Kanpoko onarpena eukitea, beharbada; gainerakoen oniritzian pentsatuz bizitzea, azken finean. Osterantzean, ez leuskigu minik emongo “diferentea zara”, “zoratuta zagoz”, “arraroa zara”, “ez atentzioa emon” moduko etiketa eta epaiek. Jakina da ordena sozial bat mantenduteko asmatu direla etiketa negatibo horreek. Halanda be, gizartea parekide bihurtzetik urrun, preso bihurtzen dabe, kritikatzen dauena be bere bildurren preso da eta.

Menditik etorri eta mezu bat jarri dot plaza bakoitzaren erdian. Halan, irakurtzera hurbiltzean, harresietatik kanpora urten beharko dabe pergamino bakar eta kolektiboa irakurtzeko, bando barik. Eta batek daki: hasiera bat izen leiteke…

 

 

Herritarrok, bi gauza dagoz gure buruarengaitik eta besteengaitik egin ahal doguzenak. Merezi dozue.

1. Identifikatu. Arreta jarri zer/nor epaitzen dozun. Galdetu eta erantzun zeure buruari: Zergaitik epaitzen dot? Zelan sentidu izan naz kritikatu nabenean edo kritikatu ahal nabela jakin izan dodanean?

2. Ordezkatu. Kendu daigun “kuxkuxeatzeko” ohiturea eta ipini daigun martxan “ulertzea”; eta gero, gure egunerokotik kanpo dagoen, desbardin dan edo bildur minimo bat emoten deuskun hori bihotzez onartu. Geure sinesmenak inposatu barik, bestearen lekuan ipini gaitezan. Harreman osasuntsuak izan geinkez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).