Ispiluan: Begiak itxi

Erabiltzailearen aurpegia t: Einer Larrabeiti 2021ko ots. 25a, 08:48

Olentzero, aurten oso ondo portatu naz, eta horregaitik, hau guztiau eskatzen deutsut Gabonetarako: besteek ni gehiago baloratzea, jendea eta gizartea “halakoak” izatea, planeta zaintzea, modako arropa, dirua…

Olentzero maitea:

Aurton… ez gara onak izan. Errealista izateko, txarrak be ez. Agian, esnatzen garan egunean, “on” eta “txar” adjektiboen bidez baloratzeari itxiko deutsagu. Ze, norberak bere baremoak daukaz hori baloratzeko, gura dauanaren arabera; gure begiratzeko modua neutroa izatetik urruti, subjektiboa izan ohi da. Beraz, zer da ondo eta zer txarto?

Adibidez: “Gutxi bat dozu ikasgai honetan, oso txarto egin dozulako” -eskerrik asko zuzentzaile, askotarako balio deust-; “Jo, onena zara. Beti jartzen dozu nik gura dodana zuk nahi dozunaren aurretik” -mila esker lagun, hori egiten ez dodanean, ni errudun bihurtzearren-. “Ondo portatzen ez bazara, Olentzerok jakingo dau, eta ez da etorriko…”.

Ikusi ahal dozu Olentzero? Azken finean, hainbeste kritikatzen dogun obedientzia eta kontrola sustatzen doguz, gura barik bada be. Eta nondik dator hau? Ziurrenik, gure buruaren erantzule garala ez dogulako ikasi. Ostera, eroso geratu gara menperatzaile eta menperatuaren harremanean (rol batean edo bestean, bietan, eskatuz): gauzak “halan” egin behar dirala dinoana, eta ados egon barik kasu egiten dauana, diktadorea eta jarraitzaileak, erasotzailea eta erasotua, aukeratu ez ditugun alderdi politikoak eta botoa eman behar duen herria. Jabea eta esklabuaren jolas krudelean, bai. Izan be, obeditu ezean, ondorioak izan ohi ditugu: epaitu, preso sartu, mespretxatu, jipoitu, hil edo gura ez dan politikak irabaztearen konplize izatera derrigortuko gaitue. Halan, gainerakoei eskatzen, itxaroten edo inposatzen ibiltzen gara, guk geure buruari behar doguna emon beharrean; ez deuskuelako erakutsi. Halan be, lasai, ez haserratu, edo… haserratu. Baina denbora askorik ez galdu halan, ez dau guk geure buruari min gehiago emoteko baino balio-eta. Gauzak aldatzeko, geugandik hasi behar dogu eta, horretarako, gugandik kanpo dagoenari eskatzeari itxi. Uste doguna baino gehiago egin ahal dogu geuretzako, gaitasuna barruan dogulako. Hasteko, tratua: errespetua, maitasuna, arreta, ametsak egia bihurtzeko baimena. Gogoratu, nor-nori-nork: tratu hori-niri-neuk. Eta igaro gaitezan ahaleratik, orainaldi sinplera.

Olentzero, ados bazagoz, jarraitu egizu opariak banatzen, izan daitezala ezustekoak; ume izan zein nagusi izan, ilusinoa mantentzea munduko gauzarik politenetarikoa da eta. Gure aldetik, gutuna idazten jarraituko dogu, baina opari-zerrendaren ordez, aurton zer ikasi (ez estudiatu) eta zer eskertzen dogun idatziko dogu. Ia zer gertatzen dan.

Modu osasuntsu honetan existitzen jarraitu dagizula. Egubarri on.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).