Ispiluan: Egun on, printze eta printzesak

Erabiltzailearen aurpegia t: Einer Larrabeiti 2021ko ots. 25a, 08:54

Abiapuntu bardinean gagoz aspaldiko partez gizaki guztiok eta gure ama, natura. Halan, hierarkiaren eta egozentrismoaren kultura atzean itxiteko garai aparta da, sortuz ta sortuz gure aukerak.

Berrogeialdi honetan, bada aprobetxatzen dabilenik, baita aprobetxatzearen aurka altzeu danik be. Bada etxean harreman gatazkatsu bat hobetzeko lanketa egiten dauenik, bai eta egun urdin eguzkitsuetan pertsianak ixten dabezanik be. Beldurra, haserrea, frustrazioa, ezjakintasuna, maitasuna. Guzti horreek dabiltza bor-borrean eta inoiz baino gehiago nabaritzen ditugu ziurrenik. Egoeragatik da, pentsa dezakegu. Baina zintzotu gaitezan: atera bada, hor egoalako da. Gugan, ez egoeran.

Aspaldidanik behatu izan da korrika bizi garela hein handi batean, begirada beste gauza batzuetan jarrita. Bitartean, gaixotu, estresa sufritu eta gure harremanak ximeldu egiten ditugu. Eta orain, plausta. Geldi. Natura garbitzen ari dan bezalaxe, gu be, ama lez, halan gabiz. Barruan dogun hori sentitzen, gure jokaera eta jarrerak behatzen, ohartzen, onartzen. Saia gaitezen ikusten, sasi zikiûak behingoz erreta bide on bat aukeratzen.

Bestalde, errealidadea da ez dakigula ziurtasunez honek guzti honek nora eroango gaituen eta ez gagoz ohituta “kontrolpean” berbea gure egunerokoan ez eukitera. Halan be, ez dozu zertan horretan burua galdu. Munduko mutur batean zein bestean, esnatzeko deia momentu berean heldu jaku. Ipuin honek erakusten dauen moduan, gure energia egin ahal dogun horretan jarri ahal dogu, egoera definitzen ibili beharrean (norbaitek hau errealista ez dala badinotzu, lasai, jarraitu, bere bildur edo gogotik berbaz dabil eta eskubidea du be).

 

            Bazan behin, adineko emakume baserritar bat herri txiki eta txiro batean bizi zana. Bere auzokoen ustez, baserritarra zorionekoa zan zaldi bat zeukalako soloa eta landak goldatzeko. Egun baten, zaldiak ihes egin eutsan mendira. Herrian jakin zanean, auzokoak baserritarrarenera joan ziran kontsolatzera. “Ze zorte txarra”. Baserritarrak, ordea, hauxe erantzun zien: “zorte txarra, zorte ona, batek daki”.

            Egun batzuk beranduago, zaldia bueltatu egin zan hainbat zaldi basatirekin batera. Auzokoak, baserrira hurbildu ziran, oraingoan bere zorte onagaitik zoriontzeko asmoz. “Zorte ona, zorte txarra, batek daki”, erantzun zien adineko emakumeak.

            Bere semea zaldi basati horietariko bat mantsotzen saiatu zan baina jausi eta berna bat apurtu zuen. Berriro be, auzokoak baserritarraren zorte txarra azpimarratu zuten, eta emakumeak, berriro be, “zorte txarra, zorte ona, batek daki” erantzun zien.

            Beranduago, erreklutamendu militarreko ofizialak agertu ziran herrian, armadarako gazteak batzeko. Baserritarraren semea ez zuten eraman bere hanka apurtuagaitik eta, zelan ez, herritarrek emakumearen eta semearen zorte onaz berbetan hasi ziran. Honek, zelan ez, “zorte ona, zorte txarra, batek daki”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).