Kontzientzia eta pentsamendua ez dira bardinak. Hemen eta orain bizi garelaz jabetzen garenean, kontziente gagoz. Ez dogu horri buruz pentsau behar, beste barik, halan da. Errealidadea horixe da. Halan da be, errealidadeari ihes edo kontra eginez ibiltzen gara sarritan gizakiok. Beharbada, eboluzionatu dan garuna daukagula dakigunetik, goi-mailako izaki batzuk garela sinesten dogu, Lurra planeta geure jabetza dala eta baita itsasoa, lurra eta gainerako izakiak be, gure tresna edo apaingarri moduan erabiltzen doguz eta. Ideia faltsu eta erratuekin jokatzen dogunean, ez dogu onartu gura izaten (arrisku bat balitz bezala). Nahiago dogu inkontzientziaren etxean geratu guk asmatutako argudioak egia direla sinisten saiatzen. Erlijioak pribilejioa badakart, amen.
Gizakiok erdigunea garelako sinesmenaz aparte (giza-zentrismoa), norbera erdigunea dala be uste izaten dogu (egozentrismoa). Egia da badakigula disimulatzen eta “ni” berbea ez dogula letra larriz idazten gure testuetan. Ez gara horren zuzen eta gardenak, aizue. Itxurak mantendu ala hil. Hala, ahoz berba egiten dogunean be zaila da jakitea maiuskulaz ari garen ala ez, baina igerri egiten da. Txakur batek, makillajez beteta be txakur izeten jarraituko daben moduan, justifikazioz beteriko mozorroa janzteak ez dau gure pentsetako era egozentrikoa kamuflatzen.
Berez, egozentrismoa gure bizitzako lehen urteetan garatzen da, bizirauteko instintu moduan: ni arreta-puntua edo erdigunea banaz eta kexatzen banaz, bizirik atarateko behar dodana emango didate. Kontuz, ez da norbere gauzei lehentasuna emotea edo norbere burua maitatzea, baizik eta ni neu guztiaren erdigunea nazela sinistea, eta halan izan beharko bazan moduan jokatzea. Azalpen horren bidez, ni-zentrismoak bere funtzioa daukala ulertu dezakegu. Baina baita, gero, askatu egin behar dogula be. Aspaldi joan zalako benetako umetxoak ginen garaia.
Batzuek, kontzeptu hauek besteengan soilik identifiketan ditue. Beste batzuek, euren parte be badala onartu eta garatzen eta heltzen hasten dira. Zelan? Dana, norbere izena be, minuskulaz “idazten” hasita. Horrek ez gaituelako “txikiago” egiten, baizik eta guztiaren pareko. Baina eskolan bezala, gaitasuna izan arren ikasi nahi ez dauenak, errepikatu egingo dau. Zein da zure hautua?